Ansak eta Zubirik jantzi zuten Binakako txapel preziatua

Andoni Rekondo Izagirre 2026ko urtarrilaren 4a

Argazkia: Maialen Andres.

2-1 irabazi zuten final haundian Ezkurraren eta Larrañagaren aurka. Bigarren mailan Goikoetxeatarrak nagusitu ziren.

 

Imanol Ansa eta Aritz Zubiri dira Binakako Erremonte Txapelketako txapeldunak. Maila haundiko txapelketa jokatu du bikoteak, eta finalean ere ez zuten ordura arteko itxura aldatu. Ezkurraren eta Larrañagaren aurka 2-1 irabaztea lortu zuten txapeldunek, bi setak alde haundiarekin irabazita. 

Partiduko lehenengo seta izan zen hiruretan berdinduena. Final parekatua espero zuten Galarreta bete zuten erremontezaleek, eta halaxe izan zen hasieran. Bi aurrelariak inspirazio haundiarekin atera ziren kantxara, eta tanto ikusgarriak egin zituzten. Azkenean, 14-15 Ezkurra eta Larrañaga aurreratu ziren, aurrelariaren kolpe azkar batekin errematatuta. 

Hortik aurrerakoak, ordea, kolore gorria besterik ez zuen izan. Aritz Zubiri goizuetarra izan zen bigarren seteko protagonista; sei tanto eskuratu zituen saketik, eta atzeko koadroetatik asko erraztu zion lana Ansari, urnietarrak jokaldiak maisuki buka zitzan.

Markagailua berdinduta, hirugarren eta azken setean bide beretik jarraitu zuten gorriek. Ezkurrak eta Larrañagak, nekea tarteko, euren maila nabarmen jaitsi zuten, eta aurkarien akatsak ondo baliatu zituzten garaileek. Azkenean, 8-3 amaitu zen hirugarren seta. 

Ansak eta Zubirik bikote bikaina osatu dute aurtengo txapelketan. Ligaxkatik zuzenean eskuratu zuten finalerako txartela, eta faborito izatearen presioari sendo eutsi zioten azken jaialdian. 

Deskargak ezin izan zuen irabazi estreinako txapelketan

Bigarren mailako finalean txapela ezin izan zen bailarako ordezkariaren burura joan. Goikoetxea V-Goikoetxea VI bikoteak lortu zuen garaipena Julen Deskarga hernaniarraren eta Martirenaren aurka. 

Goikoetxeatarrak bi setetan izan ziren hobeak, eta horixe islatzen du markagailuak: 15-10 irabazi zuten aurrenekoa eta 15-7 gailendu ziren bigarrenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!