Gabonetako Txapelketako alebinen eta benjaminen finalak, gaur

Andoni Rekondo Izagirre 2026ko urtarrilaren 3a

16:00etan hasiko dira partiduak. Klubeko pelotari guztien argazkia ere aterako dute. 

 

CD Hernaniko alebinek eta benjaminek Gabonetako Txapelketako finalak jokatuko dituzte gaur arratsaldean, Hernaniko kiroldegiko frontoian. Guztira 52 pelotari gaztetxok hartu dute parte txapelketan, eta 16:00etatik aurrera erabakiko dira aurtengo txapeldunak. 

Bi mailetako finalez gain, podiumak osatzeko hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko norgehiagokak ere jokatuko dituzte gaur. 

Parte hartzaile kopurua dela eta, txapelketa luzea izan da gaztetxoena, baina esku pelota klubetik pozik daude emaitzarekin: «Txapelketa honen helburua da pilotariek jokatzeko aukera izatea Gabonetako oporren bueltan, eta elkarrekin batera txuriz jantzita gozatzeko aukera izatea».

Gainontzeko mailetan (kadete, jubenil eta nagusi) ere martxan dago Gabonetako Txapelketa. Oraindik zehaztu gabe daude finaletako kartelak, eta klubak aurrerago jakinaraziko du noiz jokatuko diren. Hori bai, asmoa Tilosetako frontoian jokatzea da. 

 

Aspaldiko pelotari kopuru haundiena, urteko argazki ederra osatzeko

Gaurko zitan ez dira bakarrik finalak jokatuko. Momentu gozoan dago Hernaniko esku pelota kluba, aspaldiko pelotari kopuru haundienarekin: 96. Arrazoi asko daude gorakadaren atzean: «Batetik, nagusien mailan pelota utzita izan duten zenbait pelotari klubera bueltatu direlako eta bestetik, eta batez ere, gaztetxoetan asko izan direlako pelotan jokatzera animatu direnak». Ohiturari eutsiz, gaurko jaialdian egingo dute talde osoaren argazkia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!