Peru Arregi eta Uxue Rodriguez izan ziren azkarrenak Palestinaren aldeko San Silbestrean

Libe Murua Masid 2026ko urtarrilaren 2a

452 korrikalarik hartu zuten parte Hernaniko lasterketan, eta Peru Arregi hernaniarra izan zen guztietan azkarrena. Emakumezkoetan Uxue Rodriguezek eskuratu zuen markarik onena. Mozorrorik onenaren saria 'Baliza 2026'ak irabazi zuen.

Hutsik egin gabe eta giro ederrean ospatu zen Palestinaren aldeko San Silbestrea Hernanin. Orotara 430 korrikalarik hartu zuten parte eta Peru Arregi hernaniarra izan zen helmugaratu zen lehen korrikalaria. Emakumezkoetan, Uxue Rodriguez izan zen txapelduna.   

Gizonezkoen podiumean Arregiren atzetik bigarren postua irabazi zuen Jon Muruak eta hirugarrena Iñigo Leizak. Emakumezkoen podiuma Enara Maziziorrek, bigarren postuan, eta Maitane Guerrerok hirugarrenean, osatu zuten. 0 eta 8 urte bitartekoen lasterketan Mattin Lizasok lehen postua irabazi zuen, bigarrena Aiert Aizkorbek eta hirugarrena Sara Goikoetxeak. Azkenik, 9 eta 11 urte bitartekoen proban, Idoia Dorronsoro helmugaratu zen lehena, ondoren Hodei Carballo eta hirugarrenik Aiur Odriozola.

Lasterketa eta bertako partaideak Palestinaren aldeko aldarrikapenez jantzi ziren. Aldarrikapenez beteta eta giro onean osatu zen lasterketa, laguntzera eta animatzera gerturatu ziren ehunaka herritarrekin batera. 

Kolorez betetako proba izan zen. Mozorrorik onenaren saria irabazi zuten bi emakumek, 'Baliza 2026'az mozorrotuta; saski ederra eraman zuten  afarirako. Gainera, gero eta korrikalari gehiago dira mozorrotuta ateratzera animatzen direnak. 

Astearen hasierarako iragarri zuen antolakuntzak 10 dorsal besterik ez zirela gelditzen, eta lasterketarako egun baten faltan amaitu ziren dorsal guztiak. 

Urte zaharra agurtuta, askok hanketako minez emango zioten ongi etorria atzo berriari.

 
Erlazionatuak

Palestinaren aldeko San Silbestrea

Libe Murua Masid 2025 abe 31 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!