Urte berriari ongi etorria emateko kontzertua eskainiko du Hernaniko Goiz Eguzki abesbatzak urtarrilaren 3an. Arratsaldeko 18:30etan elkartuko dira Milagrosan.
Gabon kantez beteko da ia errepertorio osoa. Tartean, aipamen berezia egin diote Joxan Goikoetxea hernaniarrak konposatutako 'Zoriona Guztioi' abestiari, zeina moldatua izan den Vinaixa Gartzia zuzendariaren eskutik, lau ahotsetara.
Abendua kantuan hasi zuten abesbatzako kideek abesbatzen topaketan parte hartuz. Gabon kanten jaialdian ere hartu zuten parte, herriko beste bost abesbatzekin batera. Eguberri egunean Sandiusterrin ere izan ziren, gabonak alaitzen. Hori gutxi ez, eta EITBko maratoian euren aletxoa ere jarri zuten: denbora laburrean grabatutako audio bat prestatu zuten, ondoren Goiz Eguzkiko zunba taldekoekin bideora moldatu zutena.