Urtea agurtzeko modu ezberdinak bailaran: Erronda, musa, mendi bueltak eta brindisak

Libe Murua Masid 2025eko abenduaren 31

Mus txapelketek arrakasta haundia dute urte zahar egunean.

Goizuetako eta Hernaniko Mus Txapelketak arratsaldeko 16:00etan hasiko dira.

 

Urte zaharra agurtu eta berriari bidea irekitzeko plan ezberdinak egongo dira gaur Urumea bailaran. 

Hernaniarren kasuan, Palestinaren aldeko San Silbestreaz gain, urteroko Mus Txapelketa egingo da Kontrakantxa gaztetxean. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da eta inskripzioa ordu erdi lehenago egin beharko da, 15:30etan alegia. 10 euro izango dira bikoteko. Lehenengo postua irabazten duen bikoteak izenemateen %60a eskuratuko du; bigarrenak, berriz, izenemateen %30a. Bestalde, Portuko auzokideek mendi buelta antolatu dute Santa Barbarara. Goizeko 10:30etan jarri dute irteera ordua, plazatik. Azkenik, urte zaharreko erronda arratsaldeko 17:30etan abiatuko da udaletxeko arkupetatik.

Goizuetako Arainburu mendi taldekoek Mandoegira egingo dute itzulia urte zaharrean. Goizeko 8:30etan abiatuko dira herriko plazatik eta brindisa egingo dute tontorrean, urteari amaiera emateko. Arratsaldean mus txapelketa antolatu dute, Umore Onako kideek. 16:00etan hasiko da.

Astigarragan, brindis bateratua egiteko hitzordua jarri dute gazteek, 01:15etan Zipotza tabernan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!