Arratsaldeko 16:30etatik aurrera korrikalariak ibiliko dira han-hemenka. Hernaniko San Silbestre lasterketa jokatuko da, parte hartzaile kopuru haundiarekin. 415 herritarrek eman dute izena, eta internet bidezko inskripzioa itxita dago jada. Hala ere, berantiarrekin enpatizatuta, azken 15 dortsalak gaur jarriko dituzte eskuragarri, Gudarien plazan bertan.
Gudarien plazatik abiatuko dira CD Hernanik eta Gernika Palestinak elkarlanean antolatutako hiru lasterketak. 16:30etan 8 urtera arteko haurrak aterako dira, 16:45etan 11 urtera arteko haurren txanda izango da eta 17:00etan hasiko da lasterketa nagusia.
Urteroko ohiturari eutsiz, lasterketako azkarrenek ez ezik, mozorro onena prestatzen dutenek ere saria jasoko dute. Animatu urtea korrika amaitzera!