Izena eta izana saioak emango dio jarraipena gaur Bertso Latari

Andoni Rekondo Izagirre 2025eko abenduaren 30a

Milagrosako aretoa bete egin zen Maialen Lujanbioren emanaldiaz gozatzeko..

Izen bereko bertsolariek kantatuko dute gaurko saioan. 19:30etan hasiko da, Tilosetan.

 

Lata guztiak ez dira nekezak. Badirudi jendea oraindik ez dela bertsoaz nazkatu, eta martxa ederrean doa aurrera Bertso Lata. Igandean RR_6_erre(AH)ala emanaldia eskaini zuen Maialen Lujanbiok, eta herritar ugari elkartu ziren Milagrosako aretoan. 

Egitarauari Izena eta izana saio bereziak emango dio jarraipena gaur arratsaldean. 19:30etan hasiko da saioa, eta ondorengo sei bertsolariak arituko dira Tilosetako eskaileretan: Xabat Illarregi, Xabat Galletebeitia, Xabat Pagola, Maddi Aiestaran, Maddi Agirre eta Maddi Lasa. Gai jartzaile lanetan, berriz, ez Xabat eta ez Maddi: Iker Ormazabal 'Tturko' arituko da. 

Gaurkoaren ondoren, urteroko erronda izango da abenduaren 31n, eta urtarrilaren 2ko jaialdiarekin bukatuko da Bertso Lata. Jaialdirako sarrerak dagoeneko salgai daude Aralar, Txili eta Garin tabernetan. Saioa Biterin izango da, eta bertan Andoni Egañak, Nerea Ibarzabalek, Alaia Martinek eta Gorka Pagonabarragak abestuko dute, Maialen Lujanbioren gaiei erantzunez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!