Hernanin boluntario sarea osatu nahi du Nagusilanek bakardadeari aurre egiteko

Axier Mendizabal Goñi 2025eko abenduaren 30a

Nagusilanen webgunean eman daiteke izena.

Adinekoen nahi gabeko bakardadeari aurre egiten dion erakundea da Nagusilan. Duela 30 urte sortu zen Donostian eta Gipuzkoako 18 herritan saretu da. Irabazi-asmorik gabeko elkartea da, boluntarioz osatua. Nahi gabeko bakardadeari aurre egiteaz gain, zahartze aktiboa sustatzen du «konpromiso solidarioaren bidez, laguntza sozialeko eta afektiboko beharrak betez». Orain, Hernanira iritsi nahi dute, bertan boluntario sarea sortzeko.

 

30 urteko ibilbidea duen erakundea da Nagusilan, Donostian sortu zen eta bere ibilbidean zehar herriz herri zabaltzen jarraitu du adinekoen nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko helburuz. Bolodres sarea da eta zahartze aktiboa sustatu nahi dute jarduera ezberdinen bitartez.

Gipuzkoako 18 herritara iritsi dira orain arte, baina Hernanin ez dute presentzia iraunkorrik. Hala ere, Nagusilaneko boluntarioak aritu izan dira hemen lanean zenbait ekimenetan edota bolondres hernaniarrek Donostiako sarean hartu izan dute parte. Orain Hernanin sarea sortzeko helburua dute. Horretarako, jadanik harremanetan jarri dira Hernaniko Sandiusterri eta Goiz Eguzki egoitzekin eta sarea antolatzeko beharra badagoela ondorioztatu dute.

Hiru helburu nagusirekin egiten dute lan: bakardade egoeran dauden adinekoentzako laguntza, adineko pertsonen ahalduntzearen sustapena konpromiso sozialaren eta zahartze aktiboaren bitartez, eta pertsona zaurgarrienei ahotsa ematea.

Askotariko jarduerak

Adinekoen nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko edota zahartze aktiboa sustatzeko askotariko jarduerak antolatzen ditu erakundeak. Hasteko, akonpainamenduak, adinekoen etxeetan, eguneko zentroetan edota erresidentzietan. Elkarrizketan aritzea, irakurtzea, paseatzera irtetea edota kafe bat hartzea izan daiteke. Bestetik, animazioa. Nagusilaneko bolondresek era askotako animazio eta entretenimenduzko ekintzak antolatzen dituzte adinekoentzat, izan musika emanaldiak, antzerki-jardunaldiak, karta-jokoak, eskulanak, eta abar luze bat. Irakurketa aktiboa ere egiten dute, bakarrik irakurtzeko ezintasuna duten erabiltzaileei lagunduz, edota bestelako kanpoko jarduerak.

Azkenik, adinekoen eskubide eta balioak aldarrikatzeko eraldaketa lanetan ere aritzen dira. Horretarako, sentsibilizazio kanpainak, hitzaldiak edota kale ekintzak egiten dituzte. Horrez gain, erakundeak adineko pertsonen inguruan erabakiak hartzen diren foroetan hartzen du parte, adineko pertsonen eskubideak aldarrikatuz. Beste edonolako erakunde solidariorekin elkarlanean ere aritzen dira.

Nagusilan bolondresek osatzen duten erakundea da eta bolondres guztiak elkartzen dituen asanblada nagusian hartzen dira erabaki nagusiak. Bertan izendatzen da zuzendaritza-batzordea eta urtean bi aldiz elkartzen da.

Ibilbide luze eta emankorra

1995ean sortu zen elkartea eta ordutik 8500 pertsonari lagundu diete elkarteko boluntarioek. 1150 bolondres aritu edo aritzen dira adineko pertsonekin lanean, Gipuzkoako 18 herritan eta 190000 bolondres ordu bildu dituzte orain arte, eta 400 animazio emanaldi baino gehiago egin dituzte. Besteak beste, 150 zenbaki baino gehiagoko ibilbidea duen aldizkaria argitaratzen dute, baita bolondres lanetarako formazio gidaliburua ere. Bakardadearen inguruko narrazio lehiaketa ere sortu zuten, jada hiru edizio izan dituena. Bizkaia eta Arabako herri batzuetara hedatzen ere hasiak dira.

Nola hartu daiteke parte

Sarea hedatzen den 18 herri horietan ez da kokatzen Hernani, eta presentziarik ez duten Gipuzkoako herri garrantzitsuena da. Hori gainditu eta sarea gure herrian sortzeko helburua dute orain. Hernanirako talde propio bat osatzeko bolondres gutxi batzuk behar dituzte, baina parte hartzen hasteko badaude aukerak jada. Webgunean izena eman dezake edonork edota eskaera zehatzei erantzun. Izan ere, webgunearen bitartez eskaera ezberdinak egin ditzazkete adineko pertsonek eta behar horiei erantzuteko bolondres egokienak bilatu. Adibidez, baratzean aritzeko edota adineko bikote batekin kafea hartzeko eskariak daude Hernanirako.

Taldeak osatzerakoan tokiko adineko egoitzetan jarduteko, dinamika propioak antolatzeko gaitasuna izaten da, eta hori da helburu nagusia. Nagusilaneko kideek hitz egin dute jada Hernaniko zaharren egoitzekin, Sandiusterri zein Goiz Eguzki, eta begi onez ikusten dituzte erakundearen asmoak, beharra dagoela nabarmendu dute. Boluntario sareak dio edonor izan daitekeela bolondres, ez da aurrebaldintzarik bete behar, «gogoa da behar dena, denontzako lana badago».

Jakinarazi dutenez, Hernanin beren burua aurkezteko asmotan dira, beraz, laguntzeko edota informazio gehiago eskuratzeko interesa duen orok izango du sarera hurbiltzeko aukera. Bestetik, nagusilan.org webgunean dute informazio guztia eta izena emateko aukera.

Elkartasuna, parte hartzea eta eraldaketa soziala dituzte ardatz, eta adineko pertsonen nahi gabeko bakardadeari aurre egiteaz gain, gizarte bezala gure adinekoen gaineko ardura eta konpromisoaren beharra azpimarratu nahi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!