Eusko Jaurlaritza onartzear dagoen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari (LPS) ezezkoa emateko eta honi aurre egiteko dinamika berri bat sortu da Euskal Herrian. Eskala handiko proiektu eolikoen eta fotovoltaikoen hedatze masibo bati bide ematera datorren lurralde antolamendua dugu honako hau, mendi-gain eta landa eremuen suntsiketa ahalbidetuko duena.
Transizioa energetikoaren izenean bada ere, LPS honek instalazio hauekin negozioa egiten duten enpresa handien interesak lehenesten ditu, herritarron eta inguru naturalen kaltetan. Honela, energetika handiek erraztasun administratiboak izango dituzte EAEko lursailetan haien makroproiektuak eraikitzeko.
Jakin badakigu Repsol eta Endesa multinazionalek gure bailaran ere gisa hauetako bi makroproiektu eraiki nahi dituztela: Ereñotzuko (Hernani) Pagoaga auzoko mendietan, Arano eta Mandoegiko mendialdean. Urumeako bailarako mendietan inpaktu larriak ekarriko lituzkete hauek.
Urumeako Mendiak Bizirik plataforma makroproiektu hauek ekarriko lituzken kalte izugarriak salatzeko sortu zen. Ikusita Euskal Herri osoan antzeko proiektuak ezarri nahian dabiltzala, dinamika honetara batzera erabaki dugu, uste baitugu indarrak batuz soilik lortuko dugula neurri honetako erasoak geldiaraztea.
Hori dela eta, dei egiten diogu herritar, eragile zein edozein ekintzaileri datozen hilabeteetan dinamika honetan parte hartu edo bestelako ekarpenak egin ditzan.
LPS honi ez!
Negozio energetikoari ez!