Gabonen bigarren asterako ekintza sorta zabala prestatu dute Portun

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 29a

Erroskilla tailerrak ez du hutsik egingo aurten ere.

Bihartik larunbatera hiru tailer eta Santa Barbara irteera egingo dituzte, Portuko Auzo Elkarteak antolatuta.

 

Gabonetako oporraldiaren aurreneko erdia bete denean, orduantxe ekingo diote Portuko auzotarrek ekintza sortari. Egitarau polita prestatu dute bigarren asterako, bihar hasi eta larunbatera bitarte, Portuko Auzo Elkarteak antolatuta.

Tailer interesgarria izango dute bihar, hasteko: robotika eta bideo-jokoen programazioa landuko dute, Rakel Sanchezen eskutik. Bi saiotan eskainiko du saioa, gainera: goizeko 11:00etan 10-12 urteko gaztetxoentzat, eta arratsaldeko 17:00etan 6-9 urteko haurrentzat. Plazak mugatuak dira, eta izena eman behar da, 676 921 830 telefonora deituta.

Urteroko zita batekin emango diote jarraipena, asteazkenean. Urte Zahar eguneko mendi buelta egingo dute Santa Barbarara, goizeko 10:30etan plazatik abiatuta, urte bukaera ospatzeko.

Eta beste klasiko bat izango da urtarrilaren 2an, ostiralarekin. Erroskilla tailerra egingo dute beste urte batez, arratsaldeko 16:30etan hasita, Ibarrolaburu-Lorenza plazan. Mugatua izango da partehartzaile kopurua, tailer horretarako ere.

Gabonetako egitarauari bukaera emateko, beste tailer bat prestatu dute urtarrilaren 3rako, larunbatez. Kasu honetan, magia tailerra eskainiko du Andoni Magoak. Arratsaldeko 16:30etan hasiko da hori ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!