Gertu izan dute 2. mailako Binakako Txapelketako finala Paulo eta Aitor Aiestaran erremontariek. Larunbatean jokatu zuten finalaurreko partidua, eta 2-0 galdu zuten Goikoetxea V-Goikoetxea VI bikotearen aurka.
Goikoetxeatarrak hasieratik izan ziren gehiago. Lehenengo setean alde nabarmenarekin aurreratu ziren (15-7), eta jokoan koska nabaritu zen. Goikoetxea VI.ak asko asmatu zuen saketik, eta, orokorrean, erosoago aritu ziren kantxan.
Askoz ere berdinduagoa izan zen bigarren seta. Aiestaran anaiak erosoago eta lehiakorrago aritu ziren, eta beldurra sartu zieten aurkariei. Azkenean, ordea, 15-13 azpitik geratu ziren bigarrenean ere.
Ostiral honetan jokatuko dute final haundia, eta Julen Deskarga hernaniarra izango da bailarako ordezkaria bigarren mailan.
Lehenengo mailako txapelketan Ezkurrak eta Larrañagak nagusitasunez lortu zuten finalerako txartela. Ostiralean Ansaren eta Zubiri goizuetarraren aurka arituko dira.
Jaialdia arratsaldeko 16:30etan hasiko da, eta sarrerak eskuragarri daude oriamendi.eus atarian.