Palestinaren alde korrika, urtea ondo amaitzeko

Axier Mendizabal Goñi 2025eko abenduaren 29a

3,2,1... Ekin!

Urteroko legez, San Silbestre lasterketarekin amaituko dute urtea Hernaniko korrikalariek. Aurten gainera, Palestinaren aldeko konpromisoan berretsiz. Urteko azken egunean, arratsaldeko 17:00etan abiatuko da lasterketa nagusia Plazatik herriko kaleetan barrena.

 

San Silbestre lasterketa izango da Hernanin, urteko azken egunean. Hutsik egin gabe dator hitzordu hau eta aurten ere Palestinaren alde korri egiteko deia egin dute antolatzaileek. Wukrorekin erakutsitako konpromisoa, orain, «egoerak hala eskatuta», Palestinaren alde erakusteko unea dela azpimarratu dute antolatzaileek. Halaxe adierazi dute: «Hernaniko San Silbestrea ez dugulako soilik lasterketa edo kirol proba modura ulertzen, baizik eta balio batzuei erantzuten dien ekintza kolektibo gisa. Elkarrekin korrika egitea herri gisa dugun jarrera adierazteko modua ere bada kasu honetan: solidarioa, kontzientea eta konprometitua».

2015etik antolatzen da Hernanin Wukroren aldeko San Silbestrea eta ez dute bi herri hauen arteko harreman zuzena alboratu nahi, baina palestinar herriak bizi duen egoerak «hala eskatuta», aurtengo edizioa ezberdina izango da. «Lehen Wukro zen eta orain Palestina da, herri desberdinak, baina logika bera da: Jai girokoa eta herrikoia den ekitaldi bat baliatzea, bestela gure egunerokotasunetik hain urrun gelditzen diren errealitateei lekua egiteko eta babesa emateko».

Gaza egoera larrian

Antolatzaileek gogorarazi nahi dute Gazarako «su etenaz hitz egiten den arren, eta egun batetik bestera Palestina komunikabideetatik desagertu dela badirudi ere, errealitatea da okupazioak, egiturazko indarkeriak eta ondorio humanitarioek bere horretan dihardutela. Israelen politikek eta ekintzek eragin zuzena eta suntsitzailea izaten jarraitzen dute biztanleria zibilarengan. Aurrekoari, gainera, uholdeak gehitu zaizkio orain, Gaza eta Palestinako beste hainbat eremu are gehiago kaltetuz». Horregatik, «laguntza eta konpromisoa ez direla soilik beharrezkoak, bazik eta inoiz baino premiazkoagoak», diote antolatzaileek.

Palestinatik urrun egonda ere, uste dute zerbait egitea posible dela, eta ez hori bakarrik, baita «oso garrantzitsua». Adibidez: «informazioa ematea, beste aldera ez begiratzea eta Palestinan bertan lan egiten duten ekimenak babestea. San Silbestrea, aurreko horiek egiteko modu erraza eta kolektiboa da: Parte hartu, ospatu, korrika egin... eta, aldi berean, auziari ekarpena egin. Keinu horrek, ehunka pertsonak partekatuta, balio erreal eta sinboliko handia du».

Horrez gain, ekimenean bildutako dirua Palestinara bideratuko da, baina azpimarratu dute, Palestinari buruz hitz egiten jarraitzea dela garrantzitsuena, «gaia berriro plazara ekartzea, ahaztuta edo iraganean geratu ez dadin eta herri mailan kontzientzia pizten jarraitzea».

Lasterketa nagusia arratsaldeko 17:00etan

Honen aurretik, 16:30tan, 0-8 urte bitartekoak irtengo dira, 300 metroko ibilbidea izango dute, eta 16:45etan, 9-11 urte bitartekoak, hauek 800 metroko ibilbidearekin. Bi kasu hauetan gaztetxoek ez dute izena eman behar, baina dortsala jasotzera pasa beharko dute plazatik egunean bertan.

17:00etan beraz, lasterketa nagusia, 12 urtetik gorako herritar guztientzat. Betiko 4km-ak izango dituzte korrikalariek, herrian barrena Palestinaren alde korrika aritzeko. Gudarien plazatik abiatuko da lasterketa eta Plazan bertan amaitu. Izen emateko azken aukerak zabalik daude oraindik eta antolatzaileek azkar ibiltzeko esan dute, «parte-hartzaileen errekorra haustea» espero baitute. Izen emateak internet bidez egin daitezke, QR-aren bitartez, edota Ibai-Mendi arropa dendan.

Lasterketan ez da soilik abiadura sarituko, mozorrotuta irteteko deia egin dute, mozorro onenak saski berezi bat jasoko baitu. Beraz, urtero jai giroan antolatzen den elkartasun lasterketa izango da aurtengoa ere, urtea modu onenean amaitu dezaten modu batera edota bestera lasterketa honetan parte hartzen duten herritar guztiek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!