Asko dira, aspaldidanik, Urumeako ingurune naturalean bizi diren bizilagunak; eta lasai eta pakean bizitzen segi nahi dutela aldarrikatzeko altxa dute ahotsa azkeneko egunetan. Izan ere, «zelatatuta eta persegituta» sentitzen direla salatu dute.
Azaldu dutenez, kontua ez da berria. Azkeneko hamarkadan behin baino gehiagotan errepikatu da, garai ezberdinetan. Egoera «desatsegin» horiek noiz gertatu diren aztertuta, 'Burbunak eta etsayak' eta 'Gure faunari eta florari begira' liburuetako egileei egotzi diete horien ardura. Izan ere, diotenez, zelatatze eta persekuzio horiek gertatu ondotik argitaratu dituzte liburuok, eta «ez da kasualitatea», haien iritziz.
Gainera, haien izenak eta argazkiak sarritan erabili dituztela ere salatu dute, bestelako argitalpen batzuetan ere, tartean Kronikan. Soldanella Villosak, esaterako, bere izenaren «etengabeko eta gehiegizko» erabilera salatu du, eta Uhandre Piriniotarra ere batu zaio kexara: «Nahikoa da! Ezin dugu egoera hau luzaroagoan jasan. Gure etxeetan sartzen dira, argazkiak ateratzen dizkigute, eta ondoren gure izenak eta argazkiak nahieran argitaratu. Horren aurrean, autoritateetara jo beste aukerarik ez dugu izan», azaldu dute. Hernaniko basozaina ari da kasua ikertzen.
«Bertako bizilagunei mesede egitea izan da gure asmoa beti»
Salaketa horren aurrean, aipatutako liburuen I.S.A. eta E.A.G. egileengana jo du Kronikak. Aitortu dute Urumeako ingurune naturalean barrena ibili izan direla bertako bizilagunen bizimodua aztertzeko, eta zenbait argazkilariri ere eskatu dietela argazkiak ateratzeko, baina «betiere bizilagun horiei mesede egiteko asmoz. Ikusgarritasuna eman nahi izan diegu ingurune naturaleko bizilagunei, uste dugulako bizi duten egoera kritikoa dela kasu askotan».
Gainera, diote «aspaldiko kontua» dela hori, eta azkeneko hilabeteotan ez dutela halakorik egin: «Are gehiago, 2026an argitaratu nahi dugu 'Gure faunari eta florari' begira liburuaren bigarren zatia, baina badira urte batzuk material guztia bilduta daukagula. Azkenaldian bertako bizilagunak zelatatuta eta persegituta sentitu badira, beste norbait ibiliko zen beraien atzetik. Ez gara gu izan, hori ziur esan dezakegu». Nor izan daitekeen galdetuta, pista bat ere eman dute: «Dakigunez, beste hainbat ikertzaile ere aritu dira inguru horietan, parke eolikoak egin nahi dituztenek eskatuta». Zentzu horretan, prest azaldu dira basozainari ahal duten guztian laguntzeko, kasua argitzeko.
Ikerketaren nondik norakoak sekretupean mantenduko dituzte Hernaniko basozainak eta Udaleko Ingurumen Sailak momentuz, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendiak eta Eremu Naturalak kudeatzeko sailari ere eskatu diote laguntza.