'Gorputzen errebolta' erakusketa inauguratuko du Nagore Legarretak asteartean, Intxaurrondon

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 27a

Argazkilari hernaniarrak erakusketa jarriko du auzoko kultur etxean, Ramon Zabalegirekin batera. 12:00etan izango da inaugurazioa.

Intxaurrondoko kultur etxean jarriko du Nagore Legarreta hernaniarrak bere hurrengo erakusketa: 'Gorputzen errebolta', Ramon Zabalegirekin batera. Bien lanak biltzen ditu erakusketak, eta eskaintzen dute «gorputzaren eta generoaren inguruko disidentziaren irakurketa kritikoa eta emozionala», ikuslea hausnarketa egitera gonbidatuz, «ikuspegi anitzetatik». Etzidamu inauguratuko dute, abenduaren 30ean, eguerdiko 12:00etan.

Ekitaldi horretan, erakusketaren inguruko azalpenak emango dituzte, eta «soinu hizketa» ere proposatuko dute J-3Ø3 musika ekoizle eta DJak, eta Akonkagua musikari crossgenderrak. Soinua zuzenean eraikiko dute emanaldian, hainbat gailu erabiliz.

Boterea, generoa, zauria, zaurgarritasuna, indarra edota errebeldia bezalako kontzeptuak esploratzen dituzte 'Gorputzen errebolta' erakusketako lanek. «Gorputz irudikapen anitzetatik, zalantzan jartzen dituzte gure gizartean nagusi diren moduak», azaldu dute. Askotariko lanak bildu dituzte erakusketan: argazkiak, ilustrazioak, grabatuak eta beste formatu hibrido batzuk. Eskuzko sortze prozesuak baliatu dituzte bi egileek, eta ezohiko erabilera eman diete funtzio jakinetara bideratuta dauden materialei. Horrela, materialak eta haien esanahiak birziklatu dituzte: ontziekin eraikitako kamerak, tetrabrikekin sortutako grabatu plantxak, liburuak inprimatzeko metalezko xafletan inprimatutako argazkiak...

Abenduaren 30etik otsailaren 20ra egongo da erakusketa ikusgai Intxaurrondon.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!