Pizkundearekin bat egiteko deia, Hernaniko Euskararen Kontseiluak

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 26a

Bihar izango da 'Euskaraz bizitzeko pizkundea' Bilbon, Euskalgintzaren Kontseiluak antolatuta.

'Euskaraz bizitzeko pizkundea' ekitaldia izango da bihar Bilbon, 17:00etan hasita Bilbao Arenan, Euskalgintzaren Kontseiluak an­tolatuta. Deialdiarekin bat egin du Hernaniko Euskararen Kontseiluak ere, eta herritarrei luzatu die ekitaldian parte hartzeko deia: «Azken hamarkadetan euskera biziberritzeko aurrerapen haundiak eman baldin badira ere, gero eta zantzu haundiagoak daude motelaldi batean gaudela; are gehiago, atzeraldi baten atarian ere egon gaitezke».

Horregatik diote, «gizartea hain azkar aldatzen ari zaigun honetan», etorkizuna «jokoan» da­goela, eta ezinbestekoa dela «60ko hamarkadatik iritsi zaigun olatuak ekarritakoa ez galtzeko eta harago joateko, beste olatu bat sortzea. Gainera, ezin dugu ahaztu oldarraldi judizialaren ondorioz orain arte erdietsitako aurrerapen asko ere zalantzan daudela». Bide horretan, nabarmendu dute «ekin beharrean» gaudela, eta «guztion eskutik» etorriko dela olatu berria.

Sarrerak salgai, eta bertara joateko autobusa AEKk

Ekitaldirako sarrerak interneten eskuratu daitezke, pizkundea.eus atarian. Eta Bilbora joateko, autobusa jarri du AEK euskaltegiak: Urnietatik abiatuko da 14:45etan, Atsegindegin hartuko ditu hernaniarrak 15:00etan, eta 15:15etan astigartarrak Kutxa ondoko autobus geltokian. 15 euroan eskuratu daitezke txartelak, euskaltegietan edo 688 746 640 telefonoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!