Bihar bailarako txoko guztietara bisita egin aurretik, Karabel auzoan izango da Olentzero gaur. Arratsaldeko 18:00etan iritsiko da bertara, eta Belkara auzo elkartearen lokalean egongo da, haurren eskutitzak jasotzen.
Opariak bihar gauean banatuko ditu etxez etxe, baina Karabeleko zenbait auzotarrek dagoeneko jaso dituzte lehenengo opariak. Izan ere, mus eta tute txapelketak jokatu zituzten aurreko asteburuan Karabelen, Belkara auzo elkarteko bazkideen artean; eta sari ederrak eraman zituzten etxera karta jokalari onenek.
Larunbatean izan zen tute txapelketa, eta Jesus Lopez eta Jose Luis Lopez nagusitu ziren, finalean Avelino Lagarri eta Karmele Gomezi irabazita. Mus txapelketa, berriz, igandean jokatu zuten: Josean Revuelta eta Raimundo Pavon izan ziren txapeldun, Igone Etxaniz eta Iñaki Mateo 'Mathius' menderatuta.