«Badugu zer ikasi herriko adineko pertsonengandik»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 22a

Urteroko elkarlanari eutsiz, solasean aritu dira Aratzeko ikasleak eta Zaharren Egoitzako egoiliarrak, egunotan.

Ikasturteko garai berezienetakoa izan ohi da hau Aratz Ikastolan. Izan ere, urtero burutzen dute proiektu polit bat aste hauetan: ikasle gaztetxoen eta herriko adinekoen arteko solasaldiak. Joan den astean egin zuten Aratzeko LH1eko ikasle eta irakasleek bisita Zaharren Egoitzara, eta bertako egoiliarrekin solasean aritu ziren. «Elkarrekin hitz egin, jolastu eta une goxoak partekatu ditugu, belaunaldien arteko harremana sendotuz».

Horrela, irribarre, istorio eta jolasen bitartez, gogoratu zuten «badugula zer ikasi gure herriko adineko pertsonengandik: denbora partekatuaren balioa, entzutearen garrantzia eta elkar zaintzearen indarra».

Gabon Erronda, asteazkenean

Aste honetan izango du ohiko beste ekintza bat Aratz Ikastolak. Abenduaren 24an, asteazkenez, Gabon Erronda egingo dute, goizeko 10:30etan ikastolatik bertatik abiatuta.

Hain juxtu, Zaharren Egoitzan egingo dute aurreneko geldialdia, bertan abesteko, Hernaniko kaleetan barrena aritu aurretik. Pintxo-potearekin eta musikarekin bukatuko dute beren jarduna, ikastolan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!