Hernaniko udal energia kontsumoa %35 murriztea, udal eraikinen energiaren %32 berriztagarria izatea, eta berotegi efektuko gas isuriak %45-55 artean murriztea. Horiek ditu helburu nagusi Hernaniko Klima eta Energia Plan Integratuak. Joan den asteko Plenoan eman zioten onarpena aho batez, eta 80 puntuko ekintza plana jasotzen du, 2030erako helburu horietara iristeko.
Gainera, Klima eta Energiaren aldeko Alkateen Itunarekin ere bat egin du Hernaniko Udalak. Europa mailako sarea da, eta bertan parte hartzen duten udalerriek konpromisoa hartu dute «legeak eskatzen duena baino helburu zorrotzagoak» lortzeko, klimari eta energiari dagokionean. Zentzu horretan, Ainara Atorrasagasti Hernaniko Ingurumen zinegotziak azaldu du «anbizioz» jokatu dutela, «Hernanin aukera badugulako horretarako. Legezko betebeharra daukagu plana egiteko, baina Hernanik dagoeneko ibilbide luzea egin du jasangarritasunaren arloan».
Hori horrela, Ingurumen zinegotziak adierazi du «energia arloan ere burujabetza lortzea» dela nahia, eta «posible» izango dela markatutako helburuetara iristea, «udal eta herri gisa Hernanik dagoeneko ibilbide bat egina duelako trantsizio energetikoan». Bide horretan nabarmendu ditu Energia Bulegoa, herriko zenbait ikastetxetan martxan dagoen Euronet 50/50 proiektua, Enherkom energia komunitatea, udal ekipamenduetan jarritako energia berriztagarrien instalazioak, edota Udalaren Energia Ataria (portalenergia.herokuapp.com/hernani).
Zortzi lerro estrategiko, Klima eta Energia Planak
Azken urteotan egindako lanketa askoren plan integratua da onartu eta martxan jarri dutena, «genero ikuspegia eta ikuspegi soziala» ere txertatuta dauzkana: «Badakigu energia eta klima gaietan ere egoera txarrena pairatzen dutela emakumeek eta zaurgarritasun egoeran daudenek».
Herriko egungo erradiografia egin du planak, eta etorkizuneko erronkak identifikatu. Horrela, zortzi lerro estrategiko markatu dituzte: energia aurrezpena eta efizientzia sustatzea; tokiko energia berriztagarrien sorrera sustatzea; mugikortasun eredu jasangarria sustatzea; pertsonen osasunean egon daitezkeen kalteak saihestea; klima agertokietara egokitutako hiri plangintza eta diseinua sustatzea; baliabideen kudeaketa eraginkorra egitea eta ekosistemen zerbitzuak sustatzea; udalerriko sektore ekonomikoei klima aldaketari aurre egiten laguntzea; eta herriaren klima erronkei erantzuteko gobernantza eredu bat antolatzea.
Hernaniko Klima eta Energia Plan Integratua osorik ikusi daiteke hemen.