Biterin izango da gaur Aritz Ibarra marrazkilaria, «gure historia komikien bidez nola kontatu» azaltzeko

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 22a

Aritz Ibarraren 'Deiadarra' hurrengo komiki historikoaren irudi bat.

Hernani Errotzenek antolatuta, hitzaldia eskainiko du iluntzeko 19:00etatik aurrera. Iparraldean eta Hegoaldean historiaren zein «ikuspegi diferente» dauden azaleratuko du, eta bere hurrengo proiektua aurkeztu: 'Deiadarra'.

Ez dira gutxi Euskal Herriaren historiaren pasarte ezberdinak komikien bidez kontatzeko apustua egin dutenak, eta horietako bat da Aritz Ibarra marrazkilari eta irudigile gasteiztarra. Gasteizen 1200ean gertatutako setioa eta haren ondorioak kontatu zituen 'Gasteiz 1200, defentsa amaigabea' lanarekin, eta 'Aldaxka pozoituak' nobela ilustratuarekin eman zion segida.

Ba gaurkoan Biterin izango da gasteiztarra, «gure historia komikien bidez nola kontatu» azaltzeko. Iluntzeko 19:00etan eskainiko du hitzaldia, Hernani Errotzenek antolatuta. Nabarralderen sustatzaile da Aritz Ibarra, eta «gertuko historiaren arakatzaile porrokatua».

Iparraldean eta Hegoaldean historiaren zein «ikuspegi diferente» dauden ere emango du aditzera hitzaldian. Horrela, kontatuko du Iparraldean 'mort pour la patrie' esaldiak duen «jatorri krudela», eta euskalnafarrek nola bizi izan zuten: «6.000 euskaldun bidali zituzten derrigortuta Frantziaren alde aritzera. Hegoaldean, berriz, Baztan-Bidasoa marra hartuta, gaia aipatzen nuenean II. Mundu Gerra datorkie burura. Kilometro gutxitan zer ikuspegi diferente dauden ikusteak harritu ninduen», adierazi du marrazkilariak.

Horrekin batera, gainera, be­re hurrengo proiektuaren nondik norakoak aurkeztuko ditu: 'Deiadarra' izeneko komiki historikoan dago murgilduta gasteiztarra, une honetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!