«Gutako bakoitza izan daiteke ausartagoa arrazismoaren aurkako jarreran»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 21a

Migratzeko Eskubidearen aldeko Martxa, ostegunean Kale Nagusian gora.

Konpromiso hori hartzea lehenengo urratsa dela aldarrikatu zuten Migratzeko Eskubidearen aldeko Martxan, ostegunean.

Ostegunean eman zioten bukaera aldarrikapen asteari, Migratzeko Eskubidearen aldeko Martxarekin; eta mezu ozena helarazi zuten: migratzeko eskubidea etengabe urratzen ari dela, eta onartezinak direla egun zabaltzen ari diren gorroto-diskurtso arrazista eta xenofoboak.

«Migratzeko Eskubidearen aldeko Asteak dimentsio berezia du aurten Hernanin, ikusita udan gertatutakoa eta diskurtso arrazista eta xenofoboak. Diskurtso hori gizarteko sektoreetan txertatzen ari da, eta justifikatu nahi ditu munduko beste leku batzuetatik herrira iristen diren pertsonen aurkako jarrera baztertzaileak, baita bortitzak ere», salatu zuten martxarekin bat egin zuten eragileek: Amher, Bidea herritar taldea, Hernaniko Bilgune Feminista, Arrisala elkartea, Sortu, Ernai eta LAB sindikatua.

Aldarrikatu zuten migratzea eskubidea dela, pertsona orok duela «bizitza eta lan duina izateko eskubidea, eta bere lurraldean lortzen ez badu, beste leku batean bilatzeko eskubidea du. Migrazioak mundu mailako ordena bidegabe baten ondorio dira, herri eta herrialdeetako mineralak eta lehengaiak ustiatzen dituen sistema kapitalista batean oinarritua, tokiko populazioen garapena eta ongizatea oztopatuz eta milioika pertsonak ihes egiten duten pobrezia, gatazkak eta gerrak sortuz». Horren aurrean, salatu zuten «egunero urratzen den eskubidea» dela migratzekoa, «giza eskubideen defendatzaile gisa definitzen den Europa honetan».

Eta Hernanin, zehazki, ohartarazi zuten «galtzen» ari direla «duela hamarkada batzuetatik borrokatu» diren balioak: elkartasuna eta justizia soziala. «Ezin dugu onartu gorroto-diskurtsoak jartzea gure herrian bizi diren pertsona guztiekiko errespetuaren gainetik, jatorria edozein dela ere. Gutako bakoitza ausartagoa izan daiteke arrazismoaren aurkako jarreran, bai eguneroko bizitzan, bai ekintza kolektiboetan. Konpromiso hori hartzea da lehenengo urratsa».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!