Pasillo hunkigarriarekin eman zioten azken agurra Juanito Rodriguezi

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 20a

Sorbaldan hartuta eraman zuten Hernaniko Errugbi Elkarteko lehendakari ohia.

Taldeko jokalariek eta izandakoek sorbaldetan eraman zuten Elkano kalean gora, ehunka herritarren artetik.

Hernaniko errugbiaren historian funtsezkoa izan da Juanito Rodriguez Laburu, eta halakotzat agurtu dute herritarrek. Ostegunean hil zen 38 urtez Hernaniko Errugbi Elkartearen lehendakari izan zena, eta klubak antolatuta, azken pasilloa egin zioten ehunka herritarrek, atzo iluntzean. Orbegozo funerariatik Atsegindegira, pasillo hunkigarria egin zioten, taldeko egungo jokalariek eta izandakoek Elkano kalean gora sorbaldetan zeramaten bitartean.

Jendetza bildu zen Atsegindegin, eta borobil erraldoia osatu zuten Juanitoren inguruan, azken agurra emateko: 'Txoria txori' abestu zioten Hernaniko abesbatzetako dozenaka lagunek, Imanol Kamiok zuzenduta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!