Guk autobus bat bete nahi dugu abenduaren 27an Bilbora joateko. AEKkook. Euskalgintzaren kontseilua esan, eta testuari begira dagoena euskal friki bat izanik ere, zail izango zaio Eusko labeletik bereiztea. Eta baliteke Pizkundea iruditzea Anton D’Abbadieri buruzko murgiltze-instalazio bat, 3Dan. Zure frikitasuna ganorazkoa bada, ordea, jakingo duzu zer diren, bai Euskalgintzaren Kontseilua, bai Pizkundea. Dagoeneko izan zara malko, tanta (gero itsaso zein uholde izateko), izan zara gazta, mailu, Mariren zerbait, edo sorginen hori, eta orain ipurtargi, linterna, edo zer? Esloganak kontrako eztarritik joan dakizkiguke. Ezkutatzaile. Zaila da edozertasunetik libratuko gaituen metaforak sortzea. Eta guk ez dugu ezer saldu nahi. Guk autobus bat bete nahi dugu abenduaren 27an Bilbora joateko. Metaforak etxean utzita.
Eta zaleak gara, ez pentsa. AEKk, koordinakunde izanik, dibergentzia asko koordinatu behar ditu. Gure bileretan ere...: “lo ote gaude?”, “ez, entretenituta”, “politizatzeko garaia da”, “karramarroa ur berotan...”, “ez da horrela, da uretan dagoela ura pixkanaka berotuta...”, “edo arraina ez dela ohartzen uraren kargaz”, eta “dirulaguntzen amua”, “amuen euskalgintza”, “arrakasta eduki du uztartuta...”, “bazterrekotasuna...”, “zer da berez euskalgintza?”, “eta karramarroa?”, “egosi egiten dela nahi gabe”, “ipurtargiak desagerraraziko ditu gehiegizko argiak”, “askatasuna askatasunak”, “euskara...”, “niri gustatzen zait Korrikako kanta”, “hori beste gai bat da”. Ia ezer ez da beste gai bat. Ez dugu ezer saldu nahi. Autobus bat bete nahi dugu abenduaren 27an Bilbora joateko.
Metaforarik gabe, Broncanok barrez esan dezake gure hizkuntza de forma materna baino ezin dela ikasi, pentsa dezakeelako berea askatasunez aukeratzen dela, ikasgarriagoa delako. Ez, jauna, inposatzeko baliabideak dituelako da. Ikasgelako arazo bilakatzen den haur iritsi (ez hain) berriarentzat zaila da ikastea, baliabiderik gabe. Espainiako konstituzio-auzitegiak gainbegiratuko ditu gure hizkuntza eskakizunak, auzitegiak ez direnez gureak, gure askatasuna berenaren aurkakoa denez. Ez dute ezer debekatu beharrik. Askatasunaren etsaia askatasuna bera ere bada, boteretsuarena.
Askatasuna ez da erosahalmena, mugimendu askoko aisia, emozio efimeroa. Askatasuna ez da fluir, askatasuna erabakitzea da, ez-erabakitasunez galtzen da zapaldua. Botere borroka bat da. Eskubideak ez ditugu salerosiko. Boteregabeek askatasuna beste modu batzuetan defendatu behar izan dute beti. Eta, lehenengo, ohartu behar da erasoa, algaralariena ere, eraso dela. Gutxienez.
Eta baliteke gutxienekoa ez gutxi izatea. Esan dezagun ohartu garela eraso egiten digutenaz. Eta moketatik eta sold out-etik oso urrun, badakigula gu berotzeaz gain, erre ere egingo duen sua beharko dugula. Guk autobus bat bete nahi dugu abenduaren 27an Bilbora joateko. Sua pizteko. Eta konbentzitu ez bazaituztegu, begiratu karteleko hizki txikiei: Joseba Tapiak joko du.
Uxue Apaolaza Larrea, Hernanialdeko AEKko irakasleen izenean
(Autobusa: 688 746 640)