«Bide aberasgarri» baten ostean, ateak itxiko ditu gaur Hernaniko Gaztelekuak

Olatz Egaña Otegi 2025eko abenduaren 20a

Gaztelekuko taldetik esker hitzak helarazi dituzte: «bihotz-bihotzez eskertu nahi dizuegu jasotako babesa, lankidetza eta konfiantza».

Urte luzez gazteen babesgune izan den txokoa itxiko dute gaur. Izan ere, bertako lantaldeak jakinarazi du, Hernaniko Gaztelekuko zerbitzuak bere ateak itxiko dituela. «Tristura» sentitu arrren, orain arte egindako ibilbidea goraipatu dute: «bide luzea eta aberasgarria izan da, eta urte hauetan zehar zenbait proiektu, ekimen eta esperientzia partekatu ditugu zuekin batera».

Horrenbestez, Gaztelekuko hezitzaileek esker hitzak eskaini dizkiete orain arte lankidetzan jardun duten eragile, elkarte, herritar eta baita Kronikari ere: «bihotz-bihotzez eskertu nahi dizuegu jasotako babesa, lankidetza eta konfiantza. Zuekin elkarlanean aritu gara herriko gazteei laguntzeko, sareak sortzeko, eta Hernani biziago eta parte hartzaileago bat eraikitzeko!». 

Amaitzeko ondorengoa azpimarratuz agurtu dira behin betiko, Gaztelekuko hezitzaileak: «eskerrik asko urte guzti huetan gure lana aberastu eta lagundu duzuen guztioi».

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!