Aurreko astean gisa honetako beste albiste bat irakurri zenuten Kronikan, eta hemen gatoz berriro, korrikalarien lan ona nabarmentzera. Domiñak pilatzen jarraitzen dute Hernaniko gazteek, marka bikainak eskuratuta.
Etxerri Gazte Traileko irabazlea izan zen Lur Ocon hernaniarra. Mendi lasterketa da etxarrikoa, eta 10,5 kilometro ditu ibilbide gorabeheratsuak. Oconek 55 minutu eta 22 segundu behar izan zituen proba amaitzeko, eta podiumeko lehenengo kaxara igo zen. Segundu gutxira sartu zen Arnaitz Kortajarena (55:35) eta puska haundiagoa atera zion Gartxot Iribarren hirugarren sailkatuari (58:17). Pozik agertu zen Ocon lasterketaren amaieran, egindako lanak emandako emaitzarekin.
Uxue Rodriguezek zilarra lortu zuen Eibarren
CD Hernaniko korrikalariek nabarmentzen jarraitzen dute Gipuzkoa mailako probetan. Pasa den igandean jokatu zen LXXIV Bolunburu Oroigarri Krossa, eta lan ederra egin zuen Uxue Rodriguez hernaniarrak.
Zilarrezko domiña lortu zuen Rodriguezek 16 urte azpikoen mailan.
CD Hernaniko kideak gustura amaitu dute urtea, gazte mailako zenbait lasterketetan maila altua erakutsita. Horrelako emaitzekin, 2026an lanean jarraitzeko motibazio ederra dute korrikalariek.