Gabonetako kalejira herrikoia egingo dute aurten ere, Hernaniko kaleetan barrna

Axier Mendizabal Goñi 2025eko abenduaren 20a

Ibilbide bakarrarekin aurtengoan, denak batera joango dira herriko kaleak kantuz betetzen. Goizeko 11:00etan abiatuko dira Atsegindegitik.

 

Abenduaren 24arekin batera, Gabonetako Kalejira Herrikoia antolatuko dute aurten ere Hernanin.  Iaz ez bezala, aurten ibilbide bakarra antolatuko dute, denak batera ibiliko dira herriko kaleak kantuz betetzen.

Kalejira goizeko 11:00etan hasiko da Atsegindegin, Kaxkoan barrena jarraitu eta Gudarien plazan amaituko da. Antolatzaileek adin guztietako herriko musikarien parte hartzea eskatu dute, gabon kantetan abeslariei lagundu eta herria girotzeko.  Hernaniko Musika Eskolak lagunduta, abestuko diren kanten partiturak prestatu dituzte, denek batera jo ahal izateko, eta hainbat entsegu ere egin dituzte azken asteetan. Entseguetan izan ez diren musikariek ere parte hartzeko aukera izango dute egunean bertan azalduta.

Antolatzaileek herritar guztiak parte hartzera gonbidatu nahi dituzte, «primerako giroa egongo da eta».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!