Pipipipi...

Axier Mendizabal Goñi 2025eko abenduaren 20a

Iratzargailuak bortxaz esnatu nau berriz. Beste behin, eguzkia baino lehen esnatu naiz. Neguko gau luzeak motz geratzen zaizkit eta egunak direnik ere ez dut uste, ez dut eguzkirik ikusi aste osoan. Gaur ordea, esnatu naiz eta ez da gutxi.

Sukalderaino eraman dut neure burua, inkontzienteki, mekanikoki. Kafe makina martxan jarri eta kafeari lehen hurrupa eman arte ez naiz akordatu gabonak direla. Oporretan nago. Garai zoriontsuak iritsi dira, bake, maitasun eta ospakizun garaiak omen; baina begirada gauaren azkenetan galdu dut, gogoa iluntasunean galdu zait eta konturatzerako katilu beroarekin erre naiz, erortzen utziz eta zorua blaituz. Ederki hasi dugu eguna.

Larunbata da eta oporrak eman dizkigutenez enpresan ez dut zer egin hurrengo urtera arte. Ohean geratu nintekeen, baina egunero galtzen den guda da iratzargailuarekin duguna eta nahikoa dut porrot bat eguneko. Normalean zer egiten dudan ere ahaztu zait bapatean, gabonek dena aldatzen baitute, gaur ez da larunbata soil bat. Oporretan nago. Ilunabarrak gogoraraziko digu, bere argi-ilun kontrasteekin, kaleetako linterneria gehiegikeriekin hemen zerbait berezia gertatzen ari dela. Argitu ere ez du egin oraindik eta egunaren amaieran pentsatzen ari naiz jada.

Gabonetan bada espiritu kolektibo bat zeinak giroa aldatzen duen. Negu gorria argiztatu da, jendea pozik dabil, desgraziak ahaztu dira, errutina gainditu. Badirudi hori dela behar dugun bakarra, errutinatik atera. Oporrek dena konpontzen omen dute. Elkartuko da jendea kaleean eta etxeetan, ahaztutako ohitura zaharkituak erreproduzituko dituzte posmodernitatearen garai distiratsuetan. Jainkoa jaio zen eta patriketan dugu. Olentzero eta Mari Domingiren etorreraren zain egongo dira. Ni ere egongo naiz alproja madarikatu horren etorreraren zain, beste behin.

40 urte daramatzat zain. 91ean etxez aldatu ginen eta helbide berria ez zuela jaso pentsatu nuen, tira. 94an sekulako ekaitza izan genuen eta ulertu nuen inork lanik ez egitea eguraldi horrekin, bale. 97an, dena suspenditu nuen ikastolan eta ez nuen merezi, ados. Salbuespenak izan ziren, gainontzean txintxo txintxo portatu izan naiz beti eta Olentzerok paso egin du. Horregatik, aurten ere ez dut ezer espero. Gutunak idazteari utzi nion aspaldi, etsita eta agian gutunek zentzua galdu zutela sinetsita, eta ez dut haren watxap zenbakirik. Eskerrak.

Gorroto ditut gabonak. Lanaz libratu naiz pare bat astez, baina ez dakit zer egin. Lanak gainontzeko guztia kendu digu eta denbora librea ez da errutinaren kate-begi hutsal bat gehiago, berriz lanera itzultzeko zain. Atsedena funtzional izaten jarraitu ahal izateko, ez dut beste ezertarako balio. Zer egiten ote du Olentzerok ia urtebeteko opor horiekin, ikatz asko ere ez du atera beharko mundu guztia zintzoa den herri honetan banatzeko. Sikiera ikatza ekarri izan balit berogailua jarri behar ez izateko.

Larunbata da eta opor giro bete honetara irten beharko dut. Gabonak, Santo Tomas, jendetza ibiliko da kalean, taberna atari eta terrazetan, gaur denok zoriontsu gara. Hala ere, astelehenean iratzargailuak bortxaz esnatuko dituen makina bat langile izango dira, makinak ezin du sekula guztiz gelditu. Nor gogoratzen da gabonak lanean eman behar dituzten langile horiez, famili afarietan egongo ez direnez, familiarik ez dutenez edota soilik gau iluna buru gainean izango duten horiez.

Ohartzerako ilundu du berriz ere, argiak piztu dira herrian egun berezi hauek azpimarratzeko. Bazpare, norbait ahaztu egin bada egutegia begiratzeaz. Egunak pasako dira eta iritsiko da gaurik ederrena, luzeena, ilun edota argiena. Ardo kopa erdi-hutsik edo erdi-beteta, begiradaren arabera.

Olentzeroren oparia erostera joan naiz goizean, azken momentuan, jakin baitakit bera ez dela nire etxera etorriko. Merkatal-zentro batera joan naiz, denda guztiak zabalik, langile guztiak lanean hemen ere. Hala ere, jendetza erosketak egiten. Hemen ere, argi gehigarriek gogorarazten dute gehiago gastatu behar dela. Ez dago kanpora begirako leihorik, kasinoetan bezalaxe. Dena ondo doanaren itxura da saldu nahi digutena. Eta guk erosi.

Zorionez, nire buruarentzako oparia erostear nintzela, segapotoan abixua jaso dut. Ez da Olentzero izan, nire eskaria beteko zuela esanez. Baina antzeko zerbait: paga-extra. Galtza pare bat erostekoa nintzen, baina erokeri bat bururatu zait. Punta-puntako segapoto hipermoderno horietako bat erostea, iPhone berriena, agian horiek Olentzeroren telefono zenbakia dakarte eta kontuak eskatzeko idatz niezaioke. Horixe egin dut, paga-extra guztia segapoto malapartatu batean xahutu. Nola piztu ere ez nekien kasik etxera iristerakoan.

Gauean, afaltzera eseri naiz nire bakardadean. Bizilagunen algarak entzuten ditut, familia osoa elkartu da gabon gaua ospatzera, kantari ari dira. Telebistako programa bereziak ikusten ari naizela atea jo du norbaitek. Olentzero da. Aspaldi haserretutako lagun baten moduan utzi diot sartzen, eta baxoerdi bat eskaini. Ezer esan gabe egon gara tarte batez telebista ikusten. Ardo amaitu duenean niretzako opari bat duela esan dit. iPhone berriena. 

-Goizean erosi diat- erantzun diot.

-Baina honek punta-puntako iratzargailua dik, horrenbeste kexatu beharrean sekula lo ez hartzeko-.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!