Behin betiko onartu dute Goiz Eguzkiren atzeko baratzen eremua urbanizatzeko plana

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 17a

Beraien kexak adierazi zituzten Kaxkoko, Portuko eta Elizatxoko bizilagunek.

HS.03 eremuaren plan berezia babestu zuten EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk, eta kontra azaldu zen Elkarrekin Podemos. Kaxkoko, Portuko eta Elizatxoko bizilagun ugari bertaratu ziren ezohiko Plenora, eta haserrea adierazi zuten.

Asteartean egin zuen Hernaniko Udalak urteko azkeneko Plenoa, ezohiko deialdian. Eta puntu nagusi bat izan zen eztabaidagai, HS.03 eremuaren plan bereziari zegokiona: Kaxkoa, Portu eta Elizatxo auzoak lotzen dituen eremua urbanizatzeari buruzkoa, hain zuzen ere.

Ainara Atorrasagasti Hirigintza zinegotziak azaldu zuen, planak zehazten duela zer eta nola eraiki daitekeen bertan, eta hainbat azterketa egin dituztela ingurumenari, urari, zaratari, trenbideari eta ondareari buruz, denak aldeko balorazioarekin. Plana jendaurrean izan da hilabetez, eta hiru alegazio jaso dituzte. «Horietako baten ondorioz, eremuaren muga pixka bat aldatu da, azkeneko dokumentu bat egin da lursailaren neurriak zehaztuz. Eta eraikin baten ekipamendu pribatuaren kokapena ere aldatu da. Baina oinarrizko proiektua ez da aldatu».

Proiektua behin betiko onartu zuten Plenoan, EH Bilduren, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, eta Elkarrekin Podemosen kontrakoekin. Baina bozketara iritsi aurretik, eztabaida luzea izan zen. Ordezkari politikoen errondan, Jaione Aristregik (Elkarrekin Podemos) hartu zuen hitza aurrena: «Plan honen kontra azaldu gara, uste dugulako Kaxkoan bereziki gune berdeak behar ditugula. Biztanleko gune berde urbanoei dagokienean, Gipuzkoako batazbestekoa baino hiru puntu beherago dago Hernani. Bestalde, etxebizitzaren arloan, gure politika da etxebizitza publikoak eta alokairukoak izatea, ezin bada %100ean, behintzat kopuru haundi batean, baina eremu honetan ere ez da gertatuko, udal gobernu honek ohitu gaituen moduan. Gainera, promozio honek suntsituko du Kaxkoko azkeneko baserrietako bat».

Atorrasagastik «koherentzia eta ardura politikoa» eskatu zion: «Aspalditik lantzen ari garen gai bat da, eztabaidak izan dira, eta aukera izan duzuenean aldeko botoa eman duzue. Zilegi da kontra bozkatzea, baina halakoetan proposamenak egin behar dira, eta horiek izan behar dira errealistak, bideragarriak eta arduratsuak». Xabier Lertxundi alkateak gaineratu zuen ezin dela jendea desinformatu: «Jaione, gaurko zure hitzetatik ulertu da hemendik aurrera Hernanin eraikiko diren etxebizitza guztiak libreak direla, eta hori gezurra da. Florida 08 eremuan, 300 etxebizitza baino gehiago, eta denak babes publikokoak izango dira. Horren aldeko apustu garbia egin dugu, eta HS.03 eremukoa da adibide bat. Desadostasunak adierazi egin behar dira, baina ezin dugu desinformatu».

Ricardo Crespok (PSE-EE), bere aldetik, azaldu zuen beti babestu dutela urbanizazio hori, eta espero dutela, gobernu taldearekin adostu bezala, «ingurunean integratuagoa eta berdeagoa izatea», partehartze prozesu baten bitartez. Eta EAJko Mikel Gurutzeagak azaldu zuen jeltzaleen ustez «Hernanirentzat ona» dela garapen hau: «52 familia hernaniarrek izango dute aukera etxe berri bat izateko. Beti esan dugu inpaktua ahalik eta txikiena izan behar dela, gune hain berezia zaintzeko; eta uste dugu neurri batean lortu dela, besteak beste, Atzietako goiko aldeko eraikinari solairu bat gutxiago emateko erabakiarekin. Aranzadik ere egin du bere txosten arkeologikoa, ondorio eta neurri zuzentzaileekin, eta horiek ere bete beharko dira».

Kaxkoko, Elizatxoko eta Portuko bizilagunek, haserrea eta kezka

Politikarien erronda itxita, herritarrei pasa zieten txanda, eta Portuko, Elizatxoko eta Kaxkoko bizilagun taldeen ordezkari batek hartu zuen hitza. Adierazi zuen joan den osteguneko bilerara arte ez zutela izan txosten arkeologikoaren berririk, eta inork ez diela baimenik eskatu lursail pribatuetara sartzeko, eremua ondo aztertu ahal izateko. «Gure sorpresa izan da txostena eginda dagoela eta plan berezia onartu nahi dela. Nola egin daiteke txosten arkeologiko bat eremu osoa ondo aztertu gabe, jakinik gertutik aztertu ez diren lursailak direla garrantzitsuenak?». Era berean, salatu zuen promotoreak makineria sartu zuela erositako lursail batean, eta horma bat hautsi zuela, txosten arkeologikoa egin eta plan berezia onartu aurretik. Era berean, bizilagunek eskatu zuten eremuaren mugaketa mantentzea 2011ko arau subsidiarioetan bezala, «proiektuak ez duelako hori ere errespetatzen. Egindako aldaketekin, promotoreak eraiki nahi dituen etxebizitzen kokapena koadratzen du bere mesedetan».

Gainera, salatu zuen etxebizitzen altuera eta dimentsioak «izugarrizkoak» direla, eta ez datozela bat Kaxkoko egiturarekin: «Aldatu nahi den eremua Kaxkoko birika izan da betidanik, eta honek guztiz hondatuko du, naturaren eta itxuraren aldetik. Zona berdea etxe pribatuekin ordezkatuko da. Aipatu izan duzue beste modu batera eginez gero zenbakiek ez luketela emango; alegia, promotoreak ez lukeela onurarik lortuko. Baina horregatik, kalte hori ez dugu herritarrek ordaindu behar, eta urbanizazio berri honek egungo zirkulazio arazoa ere areagotuko luke». Azkenik, azaldu zuen bizilagunekin lanketa plana onartu aurretik egin behar zela, eta ez ondoren: «Argi daukagu Udalak presa haundia daukala igogailua eraikitzeko, baina horrek ezin du herriko eremu garrantzitsu bat horrela kaltetu».

Alkateak erantzun zion bizi­lagunekin «bilera asko» egin dituztela, eta alegazioei erantzun ahal izateko, ezinbestean pasa behar dela Plenotik: «Kontu formal bat da, eta betiere, arauetan oinarrituta eman diegu erantzuna. Garapenak ez dauka presarik Udalarentzat, baina igogailuak bai, bizilagunen urtetako aldarrikapena delako. Entzun izan dugu guk asmatu dugula garapen hau, eta ez da egia, 2011tik dago jasota. Ulertzen dut haserrea eta desadostasuna, baina eskatzen dugu informazioa zuzen ematea. Ezin da transmititu Udalak jokatzen duela promotore pribatu baten mesedetan, juxtu kontrakoa delako. Ez dago ezer korrika eta presaka eginda, 6-7 urte dira igogailuaren zirriborroak lantzen, eta arauek markatzen duten bide osoa jarraitzen ari gara. Egindako bileretan informazioa eman zaizue, eta gero zabaldu da juxtu kontrakoa, desinformazioa egin da. Interes publikoaren mesedetan ari gara lanean. Irisgarritasuna hobetu eta Kaxkoarentzat parke berde publiko bat sortu nahi dugu, eta hori guztion artean diseinatu badezakegu, askoz ere hobeto. Garapen honetan, mimo haundiz zaintzen ari gara arlo politikoan zein teknikoan, eta zentzu horretan oso lasai gaude. Gainera, ezin dugu ahaztu eremu tentsionatu batean gaudela, eta horrek eskatzen du etxebizitzak eraiki behar direla».

Plenoko beste hiru puntuak, aho batez onartuta

HS.03 eremuaren plan berezia behin betiko onartu ondoren, onarpena eman zieten Plenoko beste hiru puntuei ere, hirurei aho batez: Hernaniko Udaleko zarata-maparen eguneraketari, Hernaniko Klima eta Energia Plan Integratuari, eta Udaleko ordainsarien igoerari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!