Porrotek ere utzi dezakete aho-zapore gozorik, eta baieztapen horrexek definitu lezake Hernaniren jarduna Errege Kopan. Trikoloreek hiru porrot eta garaipen bat pilatu dituzte jokatutako lau partiduetan, baina ez dute burumakur agurtu txapelketa. Alderantziz, oso indartuta bukatu dute animo aldetik, eta gogotsu helduko diote berriro Ohorezko Elite Mailako ligari, urte berriarekin batera.
Larunbat arratsaldean jaso zuen kopako hirugarren porrota Hernanik, Landaren, El Salvador indartsuaren kontra (7-23). Emaitzak berak erakusten du maila goreneko taldeari ondo eusteko gai izan zirela trikoloreak, baina hori baino gehiago egin zuten: 68garren minutuan aurretik ziren markagailuan, eta ia bukaerara arte izan zuten ezusteko haundia emateko aukera.
Valladolidekoen potentziaren aurrean, hernaniarrei kosta egin zitzaien bere ohiko jokoa egin eta erasoan erritmoa bizitzen, baina ezin hobeto eutsi zioten defentsako lanean. El Salvadorrek apenas lortu zituen bi zigor kolpe aurreneko zatian, eta 25garren minutura arte hutsean izan zen markagailua. Atsedenaren aurretik, gainera, erasoan jokaldi azkarrak kateatzeko gai izan zen Hernani, eta baita saria eskuratu ere, horietako batean: 38garren minutuan entsaioa lortu zuen Aimar Gorrotxategik, eta Beñat Arizetak gauzatuta, markagailuan aurretik joan ziren trikoloreak aldageletara (7-6). Emaitza horri eutsi zion bigarren zatian, defentsan lan eskerga eginda, txuri-beltzekoek harresia zulatzea lortu zuten arte: entsaioa 68an, eta zigor kolpea hiru minutu beranduago. Arizetaren kaleratzea baliatu zuen El Salvadorrek, beste entsaio batekin partidua erabakita uzteko.
Kontuak kontu, sentsazio gozoarekin agurtu du kopa Hernanik, maila goreneko hiru talderi aurre egin eta Sant Cugat menderatuta. Urtarrilaren 10ean bueltatuko da ligako lehiara, Cisnerosen kontra Landaren, fokua igoera fasean jarrita.
HERNANI 7-23 EL SALVADOR
Hernani: Infante, Etxarri, Iradi; X.Garmendia, Abecia; Eizmendi, Lukas, Zapiain; Miner, Elosegi, Rivas, Arizeta, Lazzarotto, Gorrotxategi eta Olea. Aulkitik: Diaz de Mendibil, Arrillaga, H.Garmendia, Ibabe, Olivenza, Goikoetxea eta Unzue.
El Salvador: Chico, Romanos, Coronel; Peña, Fontaine; Gonzalez, Santa Cruz, Du Plooy; Munilla, Enciso, Alonso, Zuriarrain, Powys, Sanz eta Toca. Aulkitik: D.Alonso, Pelaz, Ruiz, Fernandez, Barrios, Arranz, S.Alonso eta Garcia.
Markagailua:
25. min: Zigor kolpea, Munillak (0-3). 31. min: Zigor kolpea, Munillak (0-6). 38. min: Entsaioa Gorrotxategik, gauzatzea Arizetak (7-6). 68. min: Entsaioa Arranzek, gauzatzea Munillak (7-13). 71. min: Zigor kolpea, Munillak (7-16). 78. min: Entsaioa D.Alonsok, gauzatzea S.Alonsok (7-23).