Autobusen zirkulazioa erraztera bidean, Hernaniko Udaleko Herrilanen Saila zenbait moldaketa egiten ari da herriko zenbait puntutan. Udalak azaldu duenez, obra hauek «mugikortasun publikoa errazteko eta autobus artikulatuek herrian zehar modu egokian zirkulatzeko» egin dituzte. Horregatik lanean dabiltza Zinkoenea, Elkano eta Antziola kaleetako zenbait puntutan.
Udalak dioenez, «hilabetetako lanaren ondorio» dira moldaketa hauek, zeinak laguntza izan duten Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta zerbitzuaren operadorearena.
Eskualdean sortu diren arazoei erantzuteko asmoz hartu zuten erabakia. Bai garraio publikoan izan diren aldaketengatik baina baita maiztasun-murrizketek sortu dituzten egoerengatik: «Egungo antolaketa berriak hainbat lineatan edukiera-arazoak eragin ditu, eta horrek, autobusak beteta iristea eragin du, bai Hernanin bai inguruko udalerrietan. Testuinguru horretan Udalak bere esku dagoena egitea erabaki du».
Lanak hilabete honetan amaituko direla aurreratu du Udalak, eta ondoren, asfaltatze-lanak egingo direla 2026ko lehen hilabeteetan. Lan guztiak amaituta eta muga tekniko batzuk gaindituta, «autobus artikulatuak Hernaniko kale gehiagotatik igaro ahal izango dira».
«Zerbitzuaren erronkak haundiagoak dira»
Udalaren ustez, ordea, ez da nahikoa zirkulazio baldintzak hobetzea eta zerbitzuen funtzionamendu egokiagoa erraztea: «Esku-hartze hauek hobekuntza batzuk ekarriko dituzten arren, herri arteko autobus zerbitzuaren antolaketak izan ditzakeen erronkak haundiagoak dira». Horrenbestez, dei egin dio Foru Aldundiari azken urteetan izandako murrizketen aurrean, herritarrak entzutera eta zerbitzuak sendotzeko apustua egitera.
Aurrerantzean, mugikortasun beharrei erantzuteko konpromisoa berretsi du Udalak: Udalerriko eta eskualdeko mugikortasun beharrak asetzeko lanean jarraituko dugu, gure eskumenen barruan, garraio publikoaren erabilera eta kalitatea sustatzen lagunduko dugu».