Aurreko udaberrian jarri zituen martxan Hernaniko Udalak Haziera Eskolak. Orotara hiru saio egin zituzten, eta izandako harrera ikusita, taldeak sortzea erabaki dute. Egitasmoa egonkortuta, urtarriletik maiatzera bitarte sortuko dira Haziera taldeak, 0 eta 5 urteko haurrak dituzten gurasoentzako formakuntza saioak.
Formakuntza saioen beharra ikusi zuten Haur, Nerabe eta Gazteria sailak herriko hainbat gurasoren eskaerak jaso ostean. Aurten saio solteak izan beharrean, taldea osatzeko erabakia hartu du Udalak, «proba gisa».
Guztira lau Haziera talde eskainiko dira. Batetik, 0 eta 12 hilabeteko haurrak dituzten gurasoentzako bi talde, bestetik 1 eta 2 urteko haurren gurasoentzako talde bat, eta azkenik, 3 eta 5 urte arteko haurren gurasoentzako beste talde bat.
Doako formakuntza-tailerrak izango direla gogoratu du Udalak. Euskaraz egingo dira saio guztiak, nahiz eta 0 eta 12 hilabeteko taldeetako bat elebitan izango den. Talde bakoitzean zortzi familiarentzako lekua izango da eta hilean behin bilduko dira Familia Gunean, Gartzia Goldaratz 7 eraikinean.
Izena ematea abenduaren 20a baina lehen
Haziera taldeetan parte hartu nahi duten gurasoek, izena eman beharko dute abenduaren 20a baina lehen formulario honen bidez: https://labur.eus/hazierataldeak2026.
Informazio gehiago jaso nahi duenak Haur, Nerabe eta gazteria sailera jo dezake. Saila lekualdatu da, eta Aristizabal behean izan beharrean, saila udaletxeko eraikinean dago orain, lehenengo solairuan.
Bestalde, 943 57 54 35 telefono zenbakira deitu edota gazteria@hernani.eus helbidera idatzi daiteke.