Landaren agurtuko du Kopa Hernanik gaur arratsaldean

Andoni Rekondo Izagirre 2025eko abenduaren 13a

Kopa lehiatzen bukatu nahi du Hernanik.

Kopako azken jardunaldian El Salvador talde ahaltsuaren aurka jokatuko du Hernanik. Taldearen helburua orain arteko sentsazio onei eustea da. 16:00etan hasiko da partidua.

Kopako azken jardunaldia jokatuko du gaur arratsaldean Hernanik, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Bi aste etxetik kanpo pasa ondoren, Ohorezko Elite mailako taldea Landarera itzuliko da El Salvador talde indartsuaren aurka jokatzeko. 

Lehenengo mailako taldeen aurka lehiatzea egokitu zaio Hernaniri azken asteetan, eta jokalariak pozik daude erakutsitako mailarekin. Jon Ander Zapiain kapitainak horixe nabarmendu du: «Orain arte pozik gaude izandako emaitzekin. Hasieratik genekien maila altuko aurkariak zirela, eta partiduak ez zirela errazak izango. Hala ere, beste talde batzuen emaitzak ikusita, maila ona eman dugu».

Urtarrilean ekingo diote berriro ligari, eta horretan kontzentratuta daude Hernaniko jokalariak. Kopa «konfiantza hartzeko» txapelketa izan da taldearentzat, eta gaurko partiduarekin orain arteko sentsazioei eutsi nahi die: «Ideia horrekin goaz gaurko partidura. Ondo bukatu nahi dugu Kopa, sentsazio positiboekin». 

El Salvador lehenengo mailako talde historiko bat da, eta horrek are gehiago motibatzen ditu hernaniarrak. Gainera, motibazioaren gehigarri bat aipatu du Zapiainek: «Gure taldekidea izandako Unax Zuriarrainen aurka jokatuko dugu, eta horrek ere asko motibatzen gaitu». 

Azken partidua Landaren izateak garrantzi haundia du jokalarientzat. Etxean itxura ona eman nahi du Hernanik, lehiakor eta sendo zelairatuta: «Denboraldi hasieran esan genuen Landaren indartsuak izan nahi genuela. Emaitza positiboa izan edo ez, dena eman behar dugu zelaian. Gogotsu gaude erakusteko zer den Landare».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!