Natura basatiaren eta bizikidetzaren arteko orekari buruz hausnartzeko tartea gaur, etxeko txikiek

Olatz Egaña Otegi 2025eko abenduaren 13a

Biterin eskainiko du emanaldia Panta Rhei konpainiak. Argazkia: teatropantarhei.

'Krim otso txikia' antzezlana oholtzaratuko dute gaur eguerdiko 12:00etan Biterin, eta, besteak beste, ondorengo galderak aztertuko dituzte antzezleek: zer esan nahi du norbera izateak?, eta; nola eragiten dute espektatiba sozialek?

Gaur eguerdiko 12:00etan, Panta Rhei konpainiak 'Krim otso txikia' haur emanaldia ekarriko du Biterira. 3 urtetik goragoko haurrentzako bideratutako antzelzana da eta 50 minutu iraungo ditu. 

Ikuskizun honek antzerkia eta zuzeneko musika uztartzen ditu, «ikusleen emozioekin bat egiten duen soinu-unibertso bat sortuz». Izan ere, Panta Rhei konpainiak musikariaren eta instrumentuaren arteko harremana ikertzen dute: «ikuskizunaren zati gisa, bai fisikoki, bai aktoreki». 

Era berean, musika tradizioanala indartu nahi dutela ere aitortu dute konpainiako kideek: «proposamen artistikoa zabaldu, euskal musika folklorikoan inspiratutako doinuak gehituz. Zuzeneko akordeoiaren bidez, naturarekin, dantzarekin eta emozioekin lotutako sonoritateak aztertzen ditugu, musika-tradizio horren espiritu festazale eta malenkoniatsua gogora ekarriz».

 

'Krim otso txikia': natura eta bizikidetzaren arteko oreka

Antzezlan honekin, Panta Rhei konpainiak animali ongizateari eta natura basatiaren eta bizikidetzaren arteko orekari buruz hausnartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak, eta horrenbestez, 'Krim otso txikia' emanaldiak ondorengo galderak aztertzen ditu: «zer esan nahi du norbera izateak?, nola eragiten dute espektatiba sozialek?, eta nola aurkitu gure lekua munduan gure esentzia galdu gabe?». 

 

Sinopsia

«Krim otso txikia ahuntza delakoan hazi da. Jaio berritan ahuntz ama batek adopzioan hartu zuen bere hildako amaren ondoan aurkitu zuenean. Krim oso pozik hazi da bere ahuntz-arreba Ikal-en ondoan. Baina egun batean LordBronko otso zaharra agertu eta bere benetako otso izaerari leiala izateko eskatzen dio. Otsoek ulu egiten diote ilargiari, basoan zehar aske ibiltzen dira eta jateko ehizatzen dute. Joango da Krim bere benetako izaeraren bila? Benetako otsoa izango da? Basoko lagun txiki guztien adiskidetasuna galduko du».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!