Etxegura: «Izendapenak dakar egoera benetan larria dela publikoki onartzea»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 13a

Etxebizitza eremu tentsionatu izendatzeak «esanahi politiko argi bat» dauka, Etxegurako Iraitz Apeztegiaren eta Asier Gutierrezen ustez.

Garbi dauka Etxegurak, Hernani Burujaberen baitako etxebizitza arloko elkarteak, herria etxebizitza eremu tentsionatu izendatzea ez dela «amaierako irtenbidea, ezta gutxiagorik ere. Baina bai tresna bat, esanahi politiko argi bat duena: etxebizitza ez dela negozioaren esku utzi behar den ondasun bat». Hala adierazi digute Etxegurako Iraitz Apeztegiak eta Asier Gutierrezek.

Izendapena aitortu izanak, «berehalako balio bat» dauka haien ustez: «Egoera benetan larria dela publikoki onartzea». Praktikan, berriz, aukera ematen du «herritarrentzat errealak diren hainbat mekanismo» martxan jartzeko: alokairuen prezioa mugatzea, «maizterrei arnasa eman eta prezio igoera neurrigabeak geldiarazteko pausua izan daitekeena»; etxebizitza turistikoen hedapena kontrolatzea; eta maizterrak babesteko neurriak indartzea, alokairu kontratuen gutxieneko iraupena luzatuz.

Etxegurako kideen ustez, neurriak soilik alokairu kontratu berrietan zein berritzeetan aplikatuta, horrek ez du konpontzen «azken urteetako espekulazioak sortu duen zauria», baina diote egoera honetan bi norabide daudela «ezinbestean uztartu beharrekoak». Bata, berehalako neurriei dagokiena, «behin-behinean egoera geldiarazteko»: prezio mugen betearazpen zorrotza bermatzea, abusuen aurkako ikuskapenak haunditzea, eta maizterrei laguntza juridiko eta sozial errealak eskaintzea, «ez soilik paperean». Bestea, berriz, epe ertain eta luzerako neurriena, «arazoaren erroari» heltzeko: «Arazoa da etxebizitza negozio bihurtu dutela. Horregatik, behar dira etxebizitza publiko eta sozialaren benetako hazkundea, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko lanketak, eta etxebizitza turistikoen hedapenari muga gogorrak ezartzea».

Izendapenak mugak ezarriko dizkie alokairuaren merkatuan etekin ekonomikoa bilatzen dutenei, «asko eta asko baitira errentetatik bizi direnak, eta egungo merkatu nahasian murgilduta daudenak». Baina Etxegurako kideek nabarmendu dute, badela beste faktore bat «alokairu merkatuan oso presente dagoena: beldurrarena. Etxejabe askok ez dute etxea alokairuan jartzen, errentagarritasun ezagatik baino, maizterren jarrerekiko beldurra edo ezjakintasuna dutelako. Eta hori ez da prezio muga batek konpontzen duen zerbait. Hain juxtu horretara bideratu nahi da datorren urte hasieran martxan jarriko den Etxebizitza Behatokia, fokua etxebizitza hutsetan jarrita, prozesu honetan laguntzeko eta bitartekaritza lanak egiteko».

Maizterren ikuspegitik, berriz, aurreneko onurak nabaritu dituzte Errenteriako kasuari (eremu tentsionatu izendapena jaso zuen lehena) begira: «Maizterrak prezio indizeen jakitun dira, eta badakite merkatuak ezin dituela prezio batzuk gainditu. Maizterren ahalduntze prozesu bat eman da, non marko juridiko batek tresna legalak eskaintzen dituen prezio kriminal horiei aurre egiteko. Merkatuaren logika orekatuago bat lortu da. Hortaz, maizterrak ez dira konformatzen merkatura atera ohi den edozein alokairu preziorekin, badakitelako pixka bat itxaronez gero prezio baxuago batean dagoen alokairu eskaintza aterako dela. Eskaintza eta eskariaren arteko desoreka basatia leundu da, modu batean».

Modu batera edo bestera, etxebizitzaren arazoa dagoeneko «gizarteko zati haundi batena» dela ohartarazi du Etxegurak, eta ez soilik sektore konkretu batena. «Herritar askok beren soldataren erdia edo gehiago bideratzen dute etxebizitzara, eta gazteen kasuan egoera are muturragoa da. Askok ezin dute emantzipatu, edo emantzipatzen direnean oso baldintza prekarioetan egiten dute, alokairu garestiekin eta ziurgabetasun haundiarekin. Eta horrek guztiak ez du soilik eragin ekonomikoa: eguneroko antsietatea, etorkizunarekiko ziurgabetasuna, eta autoestimuan bertan behera uzten diren proiektu pertsonalak dakartza. Etxebizitza bat lortzea ez da luxu bat, eskubidea da. Eta negozioa bada, ez da eskubidea». Horregatik, diote, etxebizitzarena «arazo kolektiboa» dela, eta «ikuspegi eta lanketa komunitarioak» direla beharrezkoak: «Ezinbestekoa da egungo etxebizitzaren egoeraren inguruko testigantzen eta kasuen berri izatea, horiek baitira irudi orokor bat osatzeko laginak».

Zentzu horretan, garbi daukate markatu beharreko bidea: «Izendapenak marko juridikoa sortzen du neurriak ezartzeko, baina neurri teknikoak soilik ez dira nahikoak egoera honi aurre egiteko. Neurri konbinatu eta koherenteak beharrezkoak dira, ikuspegi teknikoaz harago, ikuspegi sozial eta komunitarioa barnebilduko dutenak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!