«Karga emozional haundia eta ardura sentitzen dut»

Axier Mendizabal Goñi 2025eko abenduaren 12a

Ainara Ortega hernaniarra, Kronikarako elkarrizketan.

Ainara Ortega musikari hernaniarrak jarriko dio muina Lourdes Iriondori Urrezko Domina emango dioten ekitaldiari. Iriondoren kantuekin moldaketa bereziak prestatu ditu ekitaldirako, musikari berezien laguntzaz.

 

20 urte beteko dira abenduaren 27an Lourdes Iriondo musikari urnietarra hil zenetik. Gipuzkoako Foru Aldundiak efemeride hori baliatu nahi izan du Urrezko Domina eman eta «euskal kantagintzan eta haur literaturan egindako ekarpena zein garaiko esterotipo eta oztopoak gaindituz emakume sortzaileak euskal kulturaren erdigunean kokatzeko adorea» aitortzeko. Ez Dok Amairu mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen eta 60 eta 70. hamarkadetako emakume sortzaile erreferentea. 1978an utzi zituen zuzeneko kontzertuak gaixotasun baten ondorioz. 2005ean hil zen.

Gaurko ekitaldirako, Ainara Ortega musikari hernaniarrari eskatu diote zuzendaritza musikala, eta Iriondoren hainbat abestiren moldaketak prestatu ditu.

Zer prestatu duzue gaurko ekitaldirako?

Aldunditik deitu zidaten, ez da lehenbiziko aldia, baina kasu honetan ardura gehiagorekin etorri zaizkit, eta bitan pentsatu behar izan dut. Nere neurrikoa al da? Zerbait egin al dezakegu? Kasu honetan urrezko domina hil ondoren ematen den bigarren aldia da, horrek ere karga emozional haundia ematen dio guztiari, eta ardura gehiago sentitzen dut. Proposamena izan da musika izatea ekitaldiaren muina, protokoloaz gain. Senideek ere parte hartuko dute ekitaldian adibidez, eta nik bost edo sei kantu hartu eta moldaketak egin ditut.

Moldaketa bat egiterakoan musikaren doinua, melodia eta hitza errespetatzen dira, eta guk horren gainean sortu duguna da beste unibertso sonoro bat. Gure artean asko hitz egin dugu, izan ere, Lourdesen musika geratu zen duela 50 urte ganbara emozional batean eta ez dakit jende asko inguratu ote den ganbara horretara. Zergatik? Bada, ez dakit. Baina Lourdesen ondarea ganbara batean dago gordeta. Horrek alde onak eta txarrak ditu. Alde ona izan da baimena eman didatela ganbara horretan sartzeko, bestela ez nintzatekeelako sekula bertan sartuko. Dena den, Lourdesen azkeneko grabaketak 1972koak dira, nik ez nituen garai horiek ezagutu, eta erronka bat izan da 2025era ekartzea. 

Nolakoa izan da prestaketa? Norekin egin duzu lan?

Ederra izan da zein musikarirekin lan egin aukeratzen utzi izana. Oso argi nuen Angel Unzuk parte hartuko zuela. Angel oso gitarjole berezia da Euskal Herrian. Angel Unzu eta Pascal Gaigne harribitxiak dira, lan asko egindakoak dira kantagintzan, estilo esperimentalarekin. Angelek Benito Lertxundirekin daramatza 20 urte. Horiez gain, Mikel Azpiroz tekletan, rhodesarekin, Juama Urriza nafarra perkusioan, eta ni etxekoandre eta nagusi.

Ahotsarekin bakarrik?

Bai. Hala ere, xilofono txiki bat joko dut momentu batean. Haur antzerki bat egongo da trantsizio bezala, Lourdesek ere haurrekin harreman handia izan baitzuen, eta nik ere, eta haurrak xilofonoa eskainiko dit jolas moduan. Beste momentu batean, Errota zaharra kantuarekin errota baten soinua sortuko dugu eta horretarako ura joko dut, arrainontzi batean. Eta azkenik, bonbo legüero bat, argentinarra. Ideia gehiago ere badauzkagu, baina beste baterako utziko ditugu. Egin dezagun ekitaldia eta gero gerokoak. Nik uste lortu dugula Lourdesen kutsuari tiraka beste leku batera iristea. Oso gustura geratu gara.

Aipatu duzun bezala, 50 urte dira Lourdesen azken grabaketatik eta 20 urte hil zela; nor zen eta nor da zuretzat Lourdes?

Lourdesengandik jasotzen dudana, ez nik bakarrik, baita aurreko belaunaldien bitartez ere, da karga emozional haundi bat. Lourdes Iriondo gure gurasoen belaunaldiari aipatuz gero, begiak hezetzen zaizkie. Nik ez nituen garai haiek bizitu, frankismoaren garaiak, zentsura, Ez Dok Amairuren garaiak, etab. Eta bere musika entzutean, hitzak, kantatzeko moduak... garapen bat ere izan zuen, 15 urtez ibili zen musikan. Batez ere, zaharragoengandik jasotzen dut zein izan zen Lourdes Euskal Herrian. Atxagak askotan gogorarazten digu esaten zitzaiola Euskal Herriko nobiya, eta niretzat erreferente bat da.

Belaunaldi oso batentzat erreferente...

Garai hartan oso potentea izan behar zuen ikustea Urnietako neska bat gitarra hartu eta eszenatoki gainean bakarrik. Nik uste dut oso babestua sentituko zela, Ez Dok Amairuren garaitik hasita, eta ni ere hala sentitu izan naiz. Badakit asko errespetatzen zela, adibidez, Xabier Letek ez zuen formakuntza musikalik eta Lourdes zen bideratzen zituenak partiturak, idazketak, bera zen solfeoa zekiena. Bere koadernoak ikusi izan ditut eta bera zen formakuntza zuena. Bera izan zen Xabier zirikatzen zuena kantatzen hasteko. Pentsatzen dut oso babestuta sentituko zela, eroso, ni ere hala sentitu naiz beti.

Beraz, erreferente izateaz gain, gertuko pertsona ere izan zen zuen familian.

Badakizu gurasoak nola diren, batzuetan bitxikeria batzuk azaltzen dira, orain 'random' esaten diren momentu horietakoak. Amak esan zuen behin: «Long play-ak badaude etxian, eta zuen aitonari esaten omen zion Lourdesen aitak...». Itxoin, itxoin; nola? Urnitakoak haiek eta gu hernaniarrak, gure aitona okina eta Lourdesen aita ere okina. Brontzezko estatua esaten omen zion hark gure aitonari. Eta gurasoek topatu omen zituzten Lourdes eta Xabier hil aurretik hondartza batean, eta kaso egiten joan zirela, eta hoixe, bitxikeriak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!