Ekainetik martxan dagoen ekimena da Hartu kalea!. Udalak eta Berriak elkarteak antolatuta, oinezkoen mugikortasuna eta merkataritzako esperientzia hobetzea izan da egitasmo honen helburua. Aurtengo azken Hartu kalea! izango da biharkoa, eta honek bide emango dio gabonetako egitarau zabalari. Olentzeroren eta Mari Domingiren etxolak eta gabonetako argiek hartuko baitituzte Kaxkoko kaleak.
Hilero gai zehatz baten ingurukoa izan da egitasmoa. «Ezinbestean, abenduko Hartu kalea!-k gabon giroan murgilduko du herria», azaldu dute antolatzaileek. Modu horretan, bihar jarriko dute Olentzero eta Mari Domingiren etxola Plaza Berrin eta haurrek bertara sartu eta argazkiak ateratzeko aukera izango dute.
Goizean gaztain-erreak banatuko dira Kaxkoan eta arratsaldean piztuko dira gabonetako argiak, musikarekin lagunduta. Zinkoenea plazan jarri ohi den ohe-elastikoen jolasa ere bihar arratsaldean jarriko da martxan. Gainera, Berriak elkarteak ohe-elastikoetan aritzeko deskontu-txartelak banatuko ditu bere establezimenduetan erosten dutenen artean.
Egitasmoaren balorazioa egingo dute urtarrilean
Hilean ostiral batez goizeko 10:00etatik aurrera zirkulazio motordunik gabekoak izan dira Kaxkoko kaleak, oinezkoak askatasun osoz ibili daitezen. Orain, egitasmoaren balorazioa egin behar da. Urtarrilean batuko da Merkataritza Mahaia: Udala, Berriak elkartea eta Ekhilur Kooperatiba elkartuko dira ekimenaren eraginkortasuna baloratzeko eta izan duen eragina aztertzeko. Honen arabera erabakiko dute ekimenarekin aurrera jarraitzea hala neurri berriak hartzea.
Ostiraleko Hartu kalea! ekimenak bide emango die gabonetako egitarauei: batetik, Udalak antolatutako Neguko Oporrak ekimenari eta bestetik, Berriak elkarteak antolatutako eguBERRIAK egitarau bereziari.
eguBERRIAKHERNANI Abenduak 27 Tailerra: euskal dantza Abenduak 28 Tailerra: aurpegi margoketa Abenduak 30 Tailerra: magia Urtarrilak 2 Tailerra: malabarrak Urtarrilak 3 Tailerra: buruarinak Tokia: Guztiak Plaza Berrin izango dira |