Hernani etxebizitza eremu tentsionatu izendatu berri du Eusko Jaurlaritzak. Espainiako Gobernuak erabaki hau BOEan argitaratzen duenean sartuko dira indarrean izendapenak dakartzan neurriak.
Izendapen hau izugarrizko aurrerapausotzat saldu nahi diguten arren, bertako neurri murriztaileenek etxejabe handiei soilik eragiten diete, eta EAEn alokairuan dauden etxebizitzen %90 etxejabe txikien esku daude. Beraz, etxebizitza gehienen kasuan ez da alokairuen prezioen jaitsierarik ezarriko, soilik haien igoera mugatuko da. Lehendik ere askorentzat ordainezinak diren prezioen igoera mugatzea, hori da aurkezten digutena.
Halere, nahiz eta eraginak mugatuak izan, etxejabe asko ez daude prest zentimo bat bera ere galtzeko. Horregatik, aste hauetan bereziki, etxejabeak ez badizu kontratua berritu nahi, alokairuaren prezioa igo nahi badizu edota 5 urte pasa aurretik kontratu berria egin nahi badizu besteak beste, jarri gurekin harremanetan. Jabeen abusuen aurkako defentsarik onena elkarrekin antolatzea da!
Nahikari Mateo Borrega, Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kidea