Garbiñe Insaustik eta Iñaki Salvadorrek 'Hegoak' emanaldia eskainiko dute larunbatean, Donostiako Kultur Etxean

Libe Murua Masid 2025eko abenduaren 11

Iñaki Salvador eta Garbiñe Insausti hernaniarra.

Larunbat honetan izango da emanaldia Antiguoko Lugaritz Kultur Etxean, arratsaldeko 19:30ean. Sarrerak salgai daude donostiakultura.eus webgunean.

 

Azaroan Hegoak diskoa kaleratu ondoren, izen bereko emanaldia sortu eta oholtzaratu du Garbiñe Insausti abeslari hernaniarrak, Iñaki Salvador piano-jotzailearekin batera. Etzi, larunbata, Donostiako Antiguo auzoko Lugaritz Kultur Etxean egingo dute emanaldia, arratsaldeko 19:30ean hasita. Sarrerak erosteko aukera dago donostiakultura.eus webgunean 15 eurotan.

Kantu ezagunen moldaketak jasotzen ditu Hegoak-ek. Salvadorrek proposatu ditu moldaketa horiek, Insaustiren gidaritzapean. Beti ere «originalekiko kontu haundiz eta errespetuz». Diskotik ikuskizun-kontzertua oholtzaratu dute, «bidai musikal eta emozional bat» eskaini asmoaz. Kanta ezagunen artean Mikel Laboa edota Imanol bezalako artisten melodiak entzun daitezke, baina «Edith Piaf, Jaques Brell edo Kurt Weill bezalako artista haundien melodiak» ere bisitatuko dituzte emanaldian zehar. 

Hegoak ez dela «kontzertu hutsa» aitortu dute musikariek, proposamen «oso teatrala» baizik, non «Lorca edo Pessoa bezalako idazleen testu laburrak ere lekua izango duten». «Hegazti erraien moduan, hegoak izango ditugu lagun, beste leku, hizkuntza eta kantuetara iristeko, haiek ezagutu eta geureganatzeko asmoz. Eta baita hegoak ere, sorterrira bueltatu eta bertakoak, hemengoak, gogoratu eta maitatzeko», azaldu du hernaniarrak.

Helduentzako 80 minutuko ikuskizun honetan, Insaustik eta Salvadorrek hirugarren musikari baten bixita izango dela aurreratu dute: Maider Zapirain biolontxelistarena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!