Abenduaren 24ko gabonetako kalejira martxan dela adierazi du Hernaniko guraso taldeak. Iaz beraiek hartu zuten kalejira antolatzeko ardura eta aurten ere lanean dabiltza kalejira herrikoia izan dadin. Ohi moduan, herriko musikarien, heldu zein gazteren, parte hartzea eskatu dute. Batetik, gabon kantetan abeslariei laguntzeko eta bestetik, ibilbidean zehar kalejirak girotzeko.
Helburua «denok batera jo ahal izatea» dela diote, eta horretarako entseguak prestatu dituzte. Hernaniko Musika Eskolak lagunduta, abestuko diren kanten partiturak prestatu dituzte eta horiek ensaiatzeko tarteak izango dira entseguak.
Gaur izango da lehen saioa, arratsaldeko 17:00etatik 18:30etara. Datorrena, abenduaren 18an izango da, ordu berdinean. Entseguak Sandiusterriko 4. gelan izango dira. Saioetara etortzeko aukera ez duten musikariek ere kalejiran parte hartzeko aukera izango dutela azpimarratu dute antolatzaileek.
Aurten ibilbide bakarra antolatu dute, 24ean goizeko 11:00etan hasiko dena Atsegindegitik. Kaxkoan barrena ibiliko dira eta Gudarien plazan amaituko da kalejira. «Denak batera joango gara eta kantuz beteko ditugu herriko kaleak».
«Herritar guztiak animatzen ditugu kalejira herrikoian parte hartzera, primerako giroa egongo da-eta!».