Gipuzkoako abesbatzen topaleku bilakatuko da Hernani

Libe Murua Masid 2025eko abenduaren 10a

Hernanin egingo da Agijupens Gipuzkoako Jubilatuen Elkarteak urtero antolatzen duen abesbatzen topaketa. Hernaniko Goiz Eguzki Elkartea bertako kide da 2022az geroztik. Ordutik elkarteak antolatutako topaketa guztietan hartu du parte abesbatzak. «Gogoz onartu da antolaketan parte hartzeko eskaera», adierazi dute.

Aurten XXIV. Topaketak izango dira, eta bi egunez Hernani abesbatzen topaleku bilakatuko da. Orotara, 13 abesbatzek abestuko dute elkargune honetan, eta denera gipuzkoa osotik etorritako 401 abeslari bilduko dira bi egunetan.

Bi saiotan banatuko dira emanaldiak. Lehenengoa bihar egingo da eta ondorengo abesbatzek hartuko dute parte: Abaroa Arrasatetik, Basatxoko Aretxabaletatik, Gure kabia Donostiatik, Gureak Beasaindik, San Joxepe Bergaratik eta Goiz Eguzki Hernanitik.

Bigarren saioa etzi, ostirala, egingo da eta talde hauen txanda izango da: Umore Ona Ordiziatik, Aitona Amonen Borda Lezotik, Trintxerpe Txintxerpetik, Anaiarte Mutrikutik, Aloña Oñatitik, Onintza Iruratik eta azkenik, Untzaga Eibartik.

Bi saioak arratsaldeko 16:30ean hasiko dira Done Joan Bataiatzailearen Parrokian. Goiz Eguzki abesbatzako kideek herritarrak animatu eta bertaratzeko deia egin dute: «Animatu eta ez galdu aukera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!