Hemeretzi urte egingo ditu Kontrakantxa gaztetxeak, eta hori ospatzeko eguna izango da larunbata

Libe Murua Masid 2025eko abenduaren 10a

Larunbateko bazkariko tiketak Txili tabernan daude eskuragai.

Ospakizun potoloaren atarian dago Kontrakantxa. Gaztetxearen 19garren urteurrena dela eta, egun borobila antolatu dute larunbaterako. Ostiralean hitzaldia egingo da, preso ohi eta senideen eskutik. 

Gerturatzen ari da egun haundia Hernanin. Abendua urteurreneko ospakizunean murgilduta igaro ostean, azken lanak egiten ari dira asanbladako kideak larunbata egun borobila izan dadin. Ostiralean ere egongo da zer ikasi, preso ohi eta senideen eskutik «Askatasunaren alde borrokan atzo, gaur eta etzi» hitzaldia antolatu baitute. 

Herriko gazteak 19 urte borrokan egon ondoren, hala jarraituko dutela adierazi dute, beraien lema bilakatuz: «Hemeretzi, borrokan atzo, gaur eta etzi». Aurtengo kartela osatu dute sagardo dastaketak, bazkariak, txarangak eta kontzertuek.

Eguerdiko 12:30ak aldera hasiko da sagardo dastaketa. Plaza Berrian egingo da eta bailarako sagardoa dastatzeko aukera egongo da; euria eginez gero, Atsegindegira lekualdatuko dute ekintza. 14:00etan hasiko da bazkaria, urtero lez gaztetxean bertan. Arratsaldeko 18:00etan giroan murgilduta txarangaren atzetik emango diote jarraipena egunari, kaxkoan barrena. Gauean Chuleria joder eta Yakovlev musika taldeek joko dute gaztetxean, 23:00etan hasita. Amaitzean dj-ak egongo dira gaua girotzen. 

 

Bazkariko tiketak salgai, Txilin

Larunbateko bazkarirako tiketak salgai daude Txili tabernan. 15 euroren truke bazkaria eta kamixeta eskuratu ahal izango dira, eta aukera beganoa ere eskainiko da, beti ere, aurrez abisatuz gero. 

Hitzaldia antolatu dute etzirako

«Gizarte aske baten aldeko borrokaz ikasteko aukera egongo da», asanbladak preso ohi eta senideen eskutik antolatutako hitzaldian. Arratsaldeko 18:30etan jarri dute hitzordua gaztetxean, eta azaldu duenez militantziaz, espetxealdiaz eta errepresioaren inguruan arituko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!