Gaur hasiko dira migratzeko giza eskubidearen aldeko jarduerak

Andoni Rekondo Izagirre 2025eko abenduaren 9a

Hernaniko Udalak, Amherrek eta Zurrumurruen aurkako sareak hamar hitzordu prestatu dituzte.

'Memoriaren maindirea' egitasmoarekin abiatuko da gaur Migratzeko giza eskubide unibertsala aldarrikatzeko astea. Migrazio politikek eraildako pertsonen izenak eta izanak bilduko dituzte Kulturarteko Plaza Feministan, goizeko 09:30etatik iluntzeko 21:00etara. 

Guztira hamar jarduera prestatu dituzte Hernaniko Udalak, Amherrek eta Zurrumurruen aurkako sareak. Aurtengo helburua eskaintza indartzea izan dela nabarmendu du Itsaso Lekuona Kulturartekotasun zinegotziak: «Gizartean orokorrean, eta gure herrian ere bai, azkenaldian ikusi ditugun jarrera arrazisten aurrean, aldarrikapen honek kalea hartzea ezinbestekoa iruditzen zaigu». 

Herritarrei parte hartzeko deia egin diete antolatzaileek, «Hernanin daukagun aniztasuna baloratzeko».

Migratzeko giza eskubide unibertsalaren astea

Abenduak 9-18, Memoriaren maindirea (Kulturarteko Plaza feministan, ohiko ordutegian).

Abenduak 10, Hitzaldia: Epe ertain eta luzeko migrazio joerak, Xabier Aierdi soziologoarekin. Kulturarteko Plaza feministan, 18:00etan.

Abenduak 10-18, Erakusketa: 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala eta, pertsona migratu eta arrazializatuengan urratzen diren eskubideak (Urbieta kalean).

Abenduak 12, Kulturarteko Plaza Feministan:

16:00etan, te hartzea. 17:00etan, film laburra eta solasaldia: 'Sueños de viernes'. 
18:00etan, hitzaldia: 'Arrazakeria eta antiarrazismoa: Munstroa ezagutu, aurre egiteko'. Youssef M. Ouled Rifeko kazetaria eta ikerlaria. 

Abenduak 15, Ongi etorri ekitaldia: Aurten Hernanira bizitzera etorri direnei harrera. Udaletxean, 17:30etan.

Abenduak 16, Migrazinema: Exopia dokumentala eta solasaldia. Kulturarteko Plaza Feministan, 18:30etan.

Abenduak 18, Migratzeko eskubidearen aldeko martxa. Zinkoenean, 18:00etan.

 
 
 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!