«Militar, espainol eta kolonialisten plakak» seinalatu ditu Ernaik

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 7a

Kaleei izen berriak jarri dizkie Hernaniko Ernaik, herrian «lekurik izan behar ez duten izenen ordez».

Atzoko «jaiegun arrotzaren» harira, kaleak hartu nahi izan ditu Hernaniko Ernaik, eta horretarako, herriko auzo eta plazetako kale-plaketan jarri dute fokua. Zehazki, seinalatu dituzte militar, espainol eta kolonialisten kale-plakak», eta horien ordez izen berriak jarri dituzte aste honetan zehar: «Herri honetan espainolak, kolonialistak eta militarrak ez direlako onartuak».

Ernai Gazte Antolakundea Euskal Herri osoan egiten ari den ekimenen parte da Hernanikoa. Izan ere, Euskal Herriko «auzo eta herri guztietan, independentziaren aldeko eta espainolismoaren aurkako ekimen desnormalizatzaileak» ari da burutzen. 'Ekinez egina, gazteok independentzia!' kanpaina nazionalaren baitan burutu dituzte ekimen horiek.

Oraingoan, kale-plaketan fokua jarrita, Hernaniko Ernaik adierazi du «herrian erabat onartuta ez dauden izenak» direla «militar, espainol eta kolonialista hauenak», eta horregatik seinalatu nahi izan ditu. «Gainera, aukera aprobetxatu dugu kale izen hauen ordez, aitortza moduan, herriko erreferenteen izenak hartu eta bertan kokatzeko. Garrantzitsua baita herri honetan benetako ekarpena egin duten erreferenteen izen-abizenez izendatzea gure herriko kaleak», adierazi dute. Izan ere, diote «herri honen erreferenteak» direla Euskal Herriaren «nazio askapen prozesuan haien alea jarri dutenak», eta horiek merezi dutela kale izena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!