Hutsik egin gabe, Hernaniko kaleak hartuko ditu San Silbestre lasterketak Urte Zahar egunez, abenduaren 31n. 17:00etan abiatuko dira korrikalariak Plazatik, eta ohiko ibilbidea osatuko dute, 4 kilometrokoa.
Baina aurtengoak izango du nobedade berezirik, lasterketaren «helmuga» desberdina izango baita oraingoan: Palestinaren aldeko San Silbestrea izango da. «Wukrorekin dugun lotura alboratu gabe, aurtengo lasterketan Palestinaren aldeko elkartasuna izango da helmuga, CD Hernani eta Gernika Palestina Hernani taldeen elkarlanari esker», azaldu dute.
Elkartasun mezua oinarrian hartuta, gogorarazi dute «korrika egiteko era guztiak» direla ongietorriak Palestinaren aldeko San Silbestrean: «Marka hobetu nahi dutenak, lagunekin mozorrotuta ateratzen direnak, edo herriko giroaz gozatu nahi dutenak». Hori horrela, oso herrikoia izango da ibilbidea ere, urtero bezala: 4 kilometroko ibilbide laburra, herriko kaleetan barrena. Oso bereziak izaten dira lasterketaren azkeneko metroak, Kale Nagusian gora iristen baitira korrikalariak Plazako helmugara, eta jendetza pilatzen baita kalearen bi bazterretan, dagoeneko Urte Zaharreko poteo alaiean murgilduta. «Kirola, poza, gizarte-konpromisoa eta elkartasuna uztartuko ditugu aurtengoan ere».
Izenemateak dagoeneko zabalik, 'RockTheSport' atarian eta Ibai-mendi dendan
Lasterketan parte hartzeko, aldez aurretik eman beharko da izena, eta dagoeneko zabalik dago apuntatzeko epea. Bi modutara egin daiteke: internet bidez, RockThe Sport plataformaren bitartez (rockthesport.com); edo presentzialki, Ibai-mendi dendan. 10 euro dira.
Haurren lasterketak, aurretik
Ohi bezala, haurrentzako probak ere izango dira San Silbestrean, eta helduen lasterketaren aurretik ariko dira haiek. Horrela, 16:30etan hasiko da 8 urte bitarteko haurren lasterketa, eta 16:45etan 11 urtetik beherakoena. Haiek ez dute izena eman beharko, parte hartzeko.
12 urtetik gorako haur, gazte eta helduek hartu dezakete parte lasterketa nagusian, arratsaldeko 17:00etan hasita.