Asteazkenean hasiko da aurtengo Bertso Lata, eta zazpi jarduera izango ditu denera

Andoni Rekondo Izagirre 2025eko abenduaren 7a

Iazko 'Izena eta izana' jaialdiko irudia.

Umeen saioarekin hasiko da Bertso Lata. Bertso afarian apuntatzeko zerrendak Garinen, Aralarren, Txilin eta Xalapartan daude. Abenduaren 12a izango da izena emateko azken eguna.

Urteko bertso kupoa bete ez duten herritarrak lasai egon daitezke. Abenduarekin batera, bertan da Paulo Txikiya bertso eskolak antolatutako Bertso Lata. Zazpi jarduera prestatu dituzte aurtengoan, asteazkenean hasi eta urtarrilaren 2an amaituta.

Umeen Saioak estreinatuko du egitaraua. Hernaniko ikastetxeetako haurrei zuzendutako jaialdia izango da asteazkenekoa, eta antzerkiarekin lotura estua izango du.

Abenduaren 19an, berriz, bertso afaria egingo dute Xalaparta elkartean. Unai Agirre eta Nerea Elustondok abestuko dute bertan, eta izenematea zabalik dago jada. Horretarako, Aralarren, Txilin, Garinen eta Xalapartan dauden zerrendetan apuntatu behar da, abenduaren 12a baino lehen. Ordainketa egunean bertan egingo da.

Aurtengo berezitasuna Maialen Lujanbioren RR_6erre(AH)ala ikuskizuna izango da. Inuxenteen egunean eskainiko du, Milagrosan. Gainontzean, bi errondak, Izena eta Izana saio berezia eta jaialdia izango ditu Bertso Latak.

Animatu eta parte hartu jardueretan!

BERTSO LATA 2025

ABENDUAK 10
Umeen saioa eskoletako haurrentzat. Eli Pagola, Andoni Rekondo eta Markel Oiarzabal.

ABENDUAK 19
20:30 Bertso afaria Xalapartan. Unai Agirre eta Nerea Elustondo. Izena emateko zerrendak: Xalaparta, Aralar, Txili eta Garin. 35 euro egunean bertan ordaintzeko.

ABENDUAK 24
Gabonetako erronda, Iparragirretik hasita.

ABENDUAK 28
12:30 Maialen Lujanbioren 'RR_6_erre(AH)ala' ikuskizuna, Milagrosan. Sarrerak egunean bertan salgai, 7 euroan.

ABENDUAK 30
19:30 Izena eta Izana bertso saio berezia, Tilosetako eskaileretan. Xabat Pagola, Xabat Galletebeitia, Xabat Illarregi, Maddi Agirre, Maddi Aiestaran eta Maddi Lasa.

ABENDUAK 31
Urte zaharreko erronda, Kaxkoan barrena.

URTARRILAK 2
22:00 Bertso jaialdia, Biteriko aretoan. Bertsolariak: Andoni Egaña, Alaia Martin, Gorka Pagonabarraga eta Nerea Ibarzabal. Gai jartzailea: Maialen Lujanbio. Sarrerak abenduaren 22tik aurrera Txilin, Aralarren eta Garinen.

*Jaialdiko sarrera guztiak salduko ez balira, 21:15etan zabalduko da Biteriko leihatila.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!