«Partidu gogorra izango da autobus bidaia luzeagatik, baina gogotsu goaz Sevillara, dinamika onarekin jarraitzera»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2025eko abenduaren 6a

Xabier Garmendia, La Vilaren hesia zulatzeko prestatzen, Errege Kopako aurreneko partiduan.

Gaur goizean abiatuko da Hernaniren autobusa Landaretik, bihar eguerdian Sevillako Cienciasen zelaian jokatzeko, Errege Kopako hirugarren jardunaldia. 10 ordu inguruko bidaia daukate aurretik, eta egoera konplexu horretan joko bolada onari segida emateko erronka.

 

Sevillara bidaia egiteko aprobetxatuko du abenduko zubia, Hernaniko Errugbi Elkarteak. Baina turismo eta luxu kontuetatik harago, ez da irteera erraza izango trikoloreentzat. Gaur goizean goiz abiatuko dira autobusean Landaretik, eta 10 ordu inguruko bidaia izango dute aurretik, Sevillara iritsi, ahalik eta ondoen atseden hartu, eta bihar eguerdirako prest izateko: Ciencias taldearen zelaian jokatuko dute 12:30etan, Errege Kopako hirugarren partidua.

Ohorezko Mailako taldea da andaluziarra, datorren astean Landaren izango den El Salvador bezalaxe. Test politak izango dira trikoloreentzat: «Oso maila haundikoak izango dira bi partidu hauek, eta oso gogotsu gaude horiei aurre egiteko. Sevillakoan bereziki haundituko da zailtasuna, bidaia luzea daukagulako aurretik. Baina oso gustura gabiltza Kopan, gure mailako zein maila altuagoko taldeen aurka jokatzeko aukera honekin», azaldu du Xabier Lukasek.

«Dinamika onari segida» eman nahi diote Sevillan, eta Cienciasen kontrako partidua «aho zapore onarekin» bukatu, «emaitza edozein dela ere. Gauzak ondo egin eta zelaian gure onena eman izanaren sentsazioarekin bueltatu nahi genuke», dio hirugarren lerroko jokalariak.

Halaxe gertatu da Kopako aurreko partiduetan. La Vilaren kontrako partiduan, lehenengo zatia «kaxkarra» osatu arren, «aho zapore gozoarekin» bukatzea lortu zuten. Eta horri segida ematea zuten helburu Sant Cugaten: «Defentsan gogortasuna erakusten jarraitu, gure arteko konexio onari segida eman, erasoan gauzak probatu, eta gure betiko jokoari eutsi».

Halaxe egin zuten, gorabehera ugari izan arren: «Baja batzuk geneuzkan taldean, postu aldaketak ere izan ziren, errotazioak egin genituen jokalari batzuek atseden hartu zezaten... Eta hala ere, taldea oso sendo ikusi genuen, oso gustura, gogotsu, eta maila haundia erakutsi genuen. Oso pozik gaude Sant Cugaten jokatutako partiduarekin eta lortutako emaitzarekin», nabarmendu du Lukasek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!