Partidu haundia jokatuko da gaur Zubipen, arratsaldeko 18:00etan hasita. Elkarren kontra ariko dira nesken Euskal Ligako aurreneko bi sailkatuak, eta hiru puntu oso garrantzitsu izango dira jokoan: Hernani bigarrena eta Basauriko Kimuak liderra, nor baino nor gehiago.
Balio haundiko garaipena lortu nahi dute berdeek, etxeko babesean. Talde basauritarra menderatuz gero, puntutan berdinduta geratuko dira, eta horixe nahi dute hernaniarrek, koxka gorenera igo. Une honetan 24 puntu dauzka Hernanik, eta 27 Basauriko Kimuakek.
Lidertza izango da jokoan gaurkoan, baina Euskal Ligako goiko postuen lehia bizi-bizia ari da izaten, eta asko dira horretan murgildutako taldeak. 24 puntu dauzkate Antiguokok eta Deriok ere, 22 Zumaiakok, 21 Pauldarrakek, eta 20 Erandioko Betiko Neskek.
Gauzak horrela, une batetik bestera apurtu daiteke parekotasun hori, eta ligak oraindik luze joko duen arren, garrantzitsua izango da txakalaldirik ez izatea. Bizpahiru emaitza txar pilatuz gero, litekeena da atzean geratzea, eta hortik aurrera kosta egiten da berriro trenera igotzen.
Denboraldiko unerik gozoenean iritsiko da talde basauritarra Zubipera, azkeneko lau partiduak irabazita. Hortaz, oso partidu gogorra izango da, intentsitate eta maila haundikoa.
Halakoak izango dira 2025ean geratzen zaizkion beste bi partiduak ere: Zumaiakoren zelaian jokatuko du Hernanik datorren asteburuan, eta Antiguokoren bisita jasoko du hurrengoan, hiru asteko etenaldiaren aurretik.
Ohorezko Erregionaleko mutilak, Urolaren zelaian
Hernaniko Ohorezko Erregionaleko mutilek ere jokatuko dute gaurkoan, kirol asteburu urrian. Are gehiago, bi horiek dira asteburuan jokatuko duten bailarako futbol talde bakarrak.
Zumarragan jokatuko dute mutil berdeek, Urolaren kontra. Arratsaldeko 16:30etan izango da, Argixao zelaian. Bolada txarra eten beharra daukate, azkeneko bost partiduetan bi puntu besterik ez baitituzte pilatu. Sailkapenari begira, kontrario zuzena da Urola, ia parean baitaude: 15 puntu dauzkate haiek, eta 13 hernaniarrek. Baina dezente bolada hobean iritsiko da kontrarioa, azkeneko sei partiduetan ez baitu porrotik jaso, hiru irabazi eta beste hiru berdinduta.