Atzo, «txotx garaiko kudeaketa hobetzeko» hiru neurri berriren nondik norakoak eman zituen Hernaniko Udalak. Neurrien xehetasunak eman zituen Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak, ondoan Axier Mingo eta Itsaso Lekuona zinegotziekin batera.
Udalak jarritako neurriak azaltzen hasi aurretik, Lertxundik orain arte egindako lanketa ekarri zuen mahai gainera: «gaia modu integralean lantzeko lehenengo urratsak 2024an egindako diagnostikoa izan zen, eta udal ordezkari ezberdinen adostasuna jaso zuten haiek proposatutako irizpideek». Diagnostiko honek azpimarratzen du, Hernanin sagardoa eta sagardogintzaren inguruko eredu propio bat garatzeko eta Txotx garaiari lotutako elkarbizitza-gatazkari aurre emateko epe motz-ertaineko estrategiaren beharra. Horrenbestez, helburu batzuk finkatu ostean, ekintza plana garatu du Hernaniko Udalak, eta horien baitan sartu dituzte hiru neurri berri.
Hori horrela, alkateak azaldu du aurretik indarrean zeuden hiru udal ordenantza partzialki egokitu dituztela, txotx garaiko neurri berriak txertatu ahal izateko. Aldaketa hauek astearteko ez-ohiko plenoan «aho batez» onartu zituzten, eta Lertxundik «elkarlana» azpimarratu zuen: «ez soilik Hernaniko udalean ordezkaritza dugun talde politikoon artean; Kaxko auzo elkartearekin, Berriak elkartearekin, eta Gipuzkoako Sagardogileen artearekin ere bai».
Hiru neurri berri, urtarriletik aurrera
Txotx denboraldiko kudeaketa hobetzeko hartutako neurri nagusietako bat autobus zerbitzu antolatua da, «aparkatzeko espazioaren egokitzea bilatu dugu», azaldu du alkateak.
Modu honetara, 2026ko urtarrileko azkenaurreko larunbatetik maiatzaren bigarren larunbatera, Hernanira etorri diren autobus antolatuek derrigorrez Ibaiondo poligonoan aparkatu beharko dute, eta debekuen berri eman zuen Lertxundik: «debekatuta egongo da autobusak geratzea, aparkatzea eta zirkulatzea baimendutako eremutik kanpo, Hernaniko udalerri osoan».
Era berean, Hernanira etorriko diren autobus antolatuek tasa bat ordaindu beharko dutela ere jakinarazi du Hernaniko Udalak: «autobus haundiek, 35 plazatik gorakoek, 100 euro; eta 9-34 plaza dituztenek, 60 euro».
Autobus antolatuek, aparkatzeko erreserba egin beharko dutela ere azaldu du Lertxundik: «nahitaezkoa izango da erreserba egitea. Eta horretarako, web-aplikazio bat garatzen ari gara». Aplikazio hau urtarrilaren 12tik aurrera jarriko du martxan Udalak. Erreserba kopuruari dagokionez mugatua izango da, «60 autobus ingururentzat».
Hartutako hirugarren neurriak, kalean pixa egiteagatik jartzen den isunean izango du eragina eta xehetasunak eman zituen Lertxundik: «arau-hauste honengatik jartzen zen 200 euroko isunak, azkar ordainduta, %70eko murrizketa zuen; 2026ko urtarriletik aurrera, berriz, %50eko murrizketa izango du azkar ordaintzen bada, eta ondorioz, lehen 60 € ordaintzen zena, 100 € ordainduko da aurrerantzean».
Agerraldia amaitzeko, Hernaniko alkateak txotx garaiaren garrantzia azpimarratu zuen: «herritarrentzat oso garrantzitsua da txotx denboraldia, bai kulturalki eta baita ekonomikoki ere. Hala ere, larunbatetan Hernanira etortzen den bisitari kopuruak sortutako ezinegonagatik hainbat neurri hartu ditugu Udaletik, bisitarien eta bertakoen arteko oreka bilatzea helburu izanik».