Ibon Fernandez Iradi presoari arrazoia eman dio Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, eta ebatzi du Frantziako estatuak urratu egin zituela bere eskubideak. Frantziako espetxeetan preso zegoen garaian, Fernandezen abokatuek eskatu zuten asko utzi zezatela, esklerosi anizkoitza zeukala frogatuta, eta medikuen ohartarazpenei jarraiki, espetxe barruan bere egoerak okerrera egin zezakeela eta.
Frantziako epaitegiek atzera bota zuten eskaera, behin baino gehiagotan; eta erabakiaren kontra Estrasburgoko Auzitegira jo zuten abokatuek orduan. Arrazoia eman die auzitegiak, esanez presoaren eskubideak eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren hirugarren artikulua urratu dituela Frantziak. Auzitegiak bere epaian adierazi duenez, presoaren gaixotasuna eta espetxean egotea bateraezinak dira.
Hirugarren artikulu horrek debekatzen ditu tortura eta baita tratu inhumano eta umiliagarri edo iraingarriak ere, kasu honetan auzitegiak Frantziako estatuari egotzi dion bezala.
Ibon Fernandez Iradi 2020ra arte egon zen Lannemezango espetxean, eta Martutenekoan dago ordutik, une honetan hirugarren graduan.
Faxismoaren gorakadaz hitzaldia, gaur18:00etan izango da Biterin, eta Ibon Fernandez zoriontzeko argazkia egingo dute ondoren. Data seinalatuetan dator Estrasburgoko Auzitegiaren erabakia. Izan ere, gaur beran, Ibon Fernandez zoriontzeko argazkia egiteko zita jarri du Ernaik, 20:00etan Tilosetako eskaileretan, bere urtebetetzea astelehenean dela eta. Horren aurretik, faxismoaren gorakadari buruzko hitzaldia antolatu du Ernaik Biterin, arratsaldeko 18:00etan hasita: 'Euskal Herria autoritarismoaren gorakadaren aurrean' izango du hizpide Iker Eizagirrek.
|