Suizidioaren gaia mahai gainean jarri nahi izan du Aratz Ikastolak, berriro ere; eta saio bikoitza antolatu du abenduaren 11rako, Biterin gaiari buruz aritzeko. Arratsaldeko 18:00etan jarri dute hitzordua.
Biziraun elkartearekin batera antolatu du saioa, eta aurrena, 'Iluntasunetik argitasunera' izeneko dokumentala aurkeztuko dute elkarteko hiru kidek: Agustin Erkiziak, Eva Bilbaok eta Iratxe Etxenikek. Iazko abenduan egin zuten suizioari buruzko beste saio bat Biterin, Aratzek berak antolatuta; eta Etxenike bertan izan zen orduan ere.
18 minutuko dokumentala da 'Iluntasunetik argitasunera', eta jorratzen du suizidio bidezko heriotzaren doluaren gaia. Dokumentala ikusi ondoren, horri buruzko mahai ingurua egingo dute, suizioaren gaia jorratzeko.
«Suizidioaren tabuez harago», iaz hasitako bideari segida
Suizidioaren gaiak ezkutukoa izaten jarraitzen du gaur egun, eta horren inguruan dauden «tabuez harago», Aratzek gaia azaleratu eta iaz hasitako bideari segida eman nahi izan dio. Esan bezala, suizidioari buruzko saioa antolatu zuen iazko abenduan, Iratxe Etxenikerekin. Eta «ezinbestekoa» ikusi dute horri jarraipena ematea. Izan ere, diote suizidioaren 2025eko datuei erreparatuta, «kezkagarriak» direla oraindik «pentsamendu, saiakera eta heriotzak».
Hernanin ez ezik, Astigarragan ere antolatu dituzte suizidioarekin lotutako saioak, azkenaldian. Suizioari eta osasun mentalari buruzko hitzaldia izan zen iazko apirilean, eta suizidioaren prebentzioari buruzko saioa eskaini zuen Iratxe Etxenikek aurtengo maiatzean.