Hernaniko Udalak, AMHER elkarteak eta ZAS! Zurrumurruen aurkako Euskadiko sareak, migratzeko eskubidearen alde, zenbait ekintza antolatu dituzte abendurako; besteak beste, hitzaldiak, dokumentalak, solasaldiak, eta erakusketak. «Egitaraua indartzeko» ahalegina egin dute antolatzaileek, eta Itsaso Lekuona Kulturartekotasun zinegotziak, aldarrikapenaren garrantzia azpimarratu du: «gizartean orokorrean, eta gure herrian ere bai, azken aldian ikusi ditugun jarrera arrazisten aurrean, ezinbestekoa iruditzen zaigu aldarrikapen honek kalea hartzea».
Lekuonak «Hernanin daukagun aniztasuna» balorean jarri nahi izan du: «Hernanira handik eta hemendik heldutako herritarrei ahalik eta harrera egokiena egitea dagokigu».
Aurten ere, aste guztian zehar, memoriaren maindirea josteko ekintza kolektiboa eramango dute aurrera, Kulturarteko Plaza Feministan, hilaren 9tik 18ra. Izan ere, maindire horrek migrazio politikek eraildako pertsonak oroitzea du helburu: «Bizitza guztien aldeko memoria ariketa bat da».
Era berean, migratzeko eskubidearen aldeko martxa ere izango da, zehazki, abenduaren 18an; eta mobilizazioarekin emango zaio amaiera, migratzeko giza eskubide unibertsalak aldarrikatzeko asteari.
|
MIGRATZEKO GIZA ESKUBIDE Abenduak 9-18, Memoriaren maindirea (Kulturarteko Plaza feministan, ohiko ordutegian). Abenduak 10, Hitzaldia: Epe ertain eta luzeko migrazio joerak, Xabier Aierdi soziologoarekin. Kulturarteko Plaza feministan, 18:00etan. Abenduak 10-18, Erakusketa: 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala eta, pertsona migratu eta arrazializatuengan urratzen diren eskubideak (Urbieta kalean). Abenduak 12, Kulturarteko Plaza Feministan: 16:00etan, te hartzea. 17:00etan, film laburra eta solasaldia: 'Sueños de viernes'. Abenduak 15, Ongi etorri ekitaldia: Aurten Hernanira bizitzera etorri direnei harrera. Udaletxean, 17:30etan. Abenduak 16, Migrazinema: Exopia dokumentala eta solasaldia. Kulturarteko Plaza Feministan, 18:30etan. Abenduak 18, Migratzeko eskubidearen aldeko martxa. Zinkoenean, 18:00etan. |